Erraustegiaren aurkako mugimendua

Jendetza elkartu da erraustegiaren aurkako dinamikaren bosgarren egunean ere

Ertzaintza bigarrenez joan zaie gaur Gipuzkoa plazan kanpatuta daudenei, handik bidaltzeko asmoz. Bi lagun eraman ditu atxilotuta Ertzaintzak, ez direlako identifikatu. Polizia etxean identifikatu dituzte, eta aske utzi dituzte, baina epaiketa azkarra egingo diete, "datozen egunetan". Kanpaldiaren antolatzaileek mugimendua "kriminalizatu" nahi izatea egotzi diete agintariei. Arratsaldeko seietan manifestazioa egingo dute Gipuzkoa plazatik abiatuta. 

Gipuzkoa plaza izan dute topagune berriro ere. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2016ko ekainaren 2a
07:42
Entzun

Asteazkenean egin bezala, gaur arratsaldean ere manifestazioa egin dute ehunka lagunek Donostiako erdialdeko kaleetatik, dinamikaren topagune bilakatu den Gipuzkoa plazan amaituz. Bertan egin dute batzarra, Ertzaintzaren begiradapean.

Erraustegiaren aurkako kanpalekuko kideak Gipuzkoa plazara itzuli ziren atzo iluntzean, gaua bertan pasatzeko asmoz. Gaur goizean, ordea, sare sozialetan abisua eman dute bertan dela Ertzaintza kanpalekua bigarrenez husteko asmoz.

Batzarra egin ostean, segurtasun indarrei era baketsuan aurre egitea ebatzi dute kanpalekukoek.

Protestan ari direnak banaka ateratzen hasi da Ertzaintza, eserita daudenek "ustelak kanpora" eta "errausketarik ez" oihukatzen duten bitartean. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, protestan ari direnak identifikatu dituzte segurtasun indarrek, eta haietako bi eraman egin dituzte. Erraustegiaren aurkako mugimendua "kriminalizatu" nahi izatea egotzi die Gipuzkoa Zutik-ek agintariei. Gipuzkoa Zutik-ek salatu duenez, "erresistentzia egitea" egotzita atxilotu egin dituzte identifikatutako bi herritarrak. Segurtasun indarren jokabidea salatu dute mugimenduko kideek: "Ez dugu ulertzen zertara etorri den Ertzaintza. Izutu egin nahi gaituzte". Bitartean, arratsaldeko ekintzei eustea erabaki dute batzarrean.

Gipuzkoa Zutik-ek salatu egin ditu atxiloketak, eta gogorarazi dute kalea "denona" dela, eta ez udaletxearena edo aldundiarena. "Gure aldarrikapena entzun arte ez gara mugituko. Bizitzaren aldeko mugimendua gara, eta bizitza ezin da hustu". Astebururako, berriz, kanpaldiaren gunera gerturatzeko deia egin diete herritarrei. "Denen esku dago proiektu hiltzaile hau gelditzea". "Atxilotuak askatau" oihuekin amaitu dute agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.