Albistea entzun

Poliziaren biktimen legea

Poliziaren biktimen legeak aintzat hartuko ditu ikertu gabeko salaketak

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak gaur eztabaidatuko du 1978-1999ko kasuen egitasmoa. Tratu txarrak jasotakoek ez dute izango kalte ordain ekonomikorik.

Santi Brouard eta Josu Muguruzaren aldeko lore eskaintza, 2015ean.
Santi Brouard eta Josu Muguruzaren aldeko lore eskaintza, 2015ean. Luis Jauregialtzo. Argazki Press /

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko uztailak 20 12:58

Prest dago Eusko Legebiltzarrean 1978 eta 1999 artean Espainiako Estatuko funtzionarioek eragin dituzten biktimak aitortzeko lege proiektua, EAJk eta PSE-EEk adostutakoa, batzordean bozkatzeko eta, gero, osoko bilkuran. Jaurlaritzaren hasierako proposamenari zenbait zuzenketa egitea erabaki zuten EAJk eta PSEk joan den astean, eta testu moldatua gaur eztabaidatuko du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak. Bi talde horien babesarekin, batzordean lege proiektua onartzea espero da. Hilaren 28ko osoko bilkuran izango da azken bozketa.

EH Bilduk zein jarrera hartuko duen argituko da, halaber. Koalizioak esana du EAJk eta PSEk adosturiko moldaketek «zailagoa» egiten dutela berak proiektuaren alde bozkatzea. Era berean, adierazi du kontuan hartu behar dela Espainiako Barne Ministerioaren «mehatxupean» eztabaidatu dela proiektua —Barne Ministerioak Jaurlaritzari ohartarazi zion lege proiektuaren zenbait artikulu Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla—. PPk aurreratu du lege proposamenaren aurka bozkatuko duela, «ziurtasun juridiko nahikoa» ez duela iritzita; era berean, salatu du ez direla aintzat hartu ETAk mehatxatutako biktimak eta kale borrokak kalte eginikoak.

Batzordeak eztabaidatuko duen idatzia eskuratu du BERRIAk, eta puntuz puntu aletu. Besteak beste, legeak aintzat hartuko ditu ikertu gabeko salaketak, eta tratu txarrak jasotakoek ez dute jasoko kalte ordain ekonomikorik.
 

PROIEKTUAREN IZENA

Jaurlaritzaren proposamenean legea «legez kontrako errepresio egoeretan» izandako eskubide urraketei begirakoa zen, eta hari izena aldatzeko PSEren eskaria onartu egin du EAJk. Ondorioz, «motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta ordaina emateko lege proiektua» du orain izena.
 

HELBURUAK

Biktimak aitortzea «agindu etiko eta demokratikoa» dela jasotzen du idatziak. «Agente publikoek beren lanean zuzenean edo zeharka eragindako urraketen biktimak» jaso behar ditu eskubideen urraketen memoriak, testuaren arabera. Aldiz, biktimak «parekatuko dituen diskurtsorik gabe» egitea eta «gatazka politiko batek eragindako bi bortizkeriaren arteko enfrentamendu gisa» aurkeztu gabe egitea agintzen du.
 

EGIA EZAGUTARAZI

Legearen asmoa «bizikidetza normalizatzen eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen laguntzea» dela jasotzen du idatziak. Beraz, 1978-1999ko gertaerak ezagutarazi, artxibo publikoetan zaindu eta aitortza sustatzeko «neurri aktiboak» hartu beharko ditu Jaurlaritzak.
 

1978-1999 BITARTEKO MUGA

Proiektuak 1978 eta 1999 urteen arteko urraketetara mugatzen du eragina; 1999tik aurrerako kasuak preskribatu ez direnez, ez ditu jaso, botere judizialarekin «interferentziarik ez sortzeko».
 

ATZERAKO ERAGINA

Legeak atzerako eragina izango du 1960-1978ko botere gehiegikerien biktimentzat. Dekretuak onartu eta ordaina jaso zuten biktimek osasun laguntza eskuratu ahalko dute; babesik lortu ez zutenek aitortza jasoko dute legearen baldintzak betez gero, eta epez kanpo gelditu zirenentzako epea zabalduko dute berriz ere.
 

EGIAZTATZEKO FROGAK

Eskubide urraketak egiaztatzeko, gertakari horiek aitortzen dituzten «administrazio ebazpen edo ebazpen judizialak» baliatzeko aukera izango da. Horrez gain, «zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez» ere egiaztatu ahalko da urraketa. Bestalde, urraketatzat joko da «defentsa gabezia»; hau da, giza eskubideen urraketengatik salaketa aurkeztu baina horiek ikertu ez diren kasuak.
 

ORDAINA

Biktimek ordain ekonomikoa jasoko dute, kaltearen arabera. Altuena balioezintasun larriagatik izango da: 390.000 euro. Aldiz, «tratu txar larriak edo iraunkorrak ez diren lesioak jasan direla egiaztatzen bada, pertsona horri biktima izaera emango zaio, eta merezi duen errekonozimendua jasoko du, baina ez du konpentsazio ekonomikorik jasoko».
 

ESPRESUKI KANPOAN

Legeak berariaz utziko ditu kanpoan armak edo lehergailuak erabiltzean hil edo zauritutakoak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute

Iosu Alberdi

Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.

Asier Ezeiza, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ©ZIPI / EFE

Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Berria

ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.

Kalparsoro oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Xabier Kalparsororen heriotzari buruzko informazioa «herritarren esku» jarri dute webgune batean

Iosu Alberdi

Zumaiako Hegiak elkarteak osatu du, «egia ofizialaren faltan», heriotza haren inguruko informazioa jaso eta plazaratzeko.

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. ©BOB EDME

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Ekhi Erremundegi Beloki

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.