Euskara

PSE-EEk euskararen inguruan egindako bideo batek haserrea eta "nazka" eragin du

Bideoan adierazten du administrazioan euskaraz ez dakitenei ateak ixten zaizkiela edo kanporatuak direla. Bideoa, albistean.  

jon ordonez garmendia
2016ko irailaren 13a
14:23
Entzun

Euskara askatasunean, euskararen alde batera leloa jarri dio PSEk sare sozialetan zabaldu duen bideoari. Gazteleraz, hori bai: Euskera en libertad, juntos por el euskera. Musika tragiko bat entzuten den bitartean bideoan ikus daiteke nola herritar bati ezer esan aurretik ez dioten uzten sartzen, adibidez, taberna batean. Tabernariak eskua luzatu eta gerarazi egiten du, atarian, eta joateko eskatzen dio, hatz erakuslearekin bidea erakutsiz. Gero, herritar berari zinema edo antzoki batean sartzea galarazten diote, beste batzuk sartzen diren bitartean. Ondoren, enpresa bat dirudien eraikin batean harrerakoak segurtasun zaintzaileari deitzen dio herritar hori sartzen denean, eta horrek kanporatu egiten du, modu zakarrean. Azkenik, ustez erdalduna den herritar horri ukatu egiten diote autobus batera igotzea; herritarren ezpainetan "¿por qué?" irakur daiteke (zergatik?), eta gidariak "no" erantzuten dio (ez). Elizkizun batera sartzea ukatzen dio apaiz batek, eta herritar horri saltoki batera eta futbol partida batera sartzen ere ukatzen zaiola adierazten du bideoak. "Egia da. Euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da gertatzen inon Euskadin. Inon, administrazioan izan ezik", esaten du Idoia Mendia lehendakarigaiak gero, gazteleraz beti, Eusko Jaurlaritzaren eraikin bat ikusten den bitartean.

Idoia Mendiak dio ustez administrazioan gertatzen den "bidegabekeria" hori amaitzeko konpromisoa hartzen dutela PSEkoek. "Uste dugu aukera berdintasunak ere oso Euskal Herrikoa izan behar duela" (gazteleraz "muy vasco" dio). Bideoaren amaieran ateak itxita aurkitu dituen erdaldun hori burumakur azaltzen da, eta orduan Mendia agertzen da, azken irudian, Juntos batera leloarekin batera.

Sareratu eta berehala hainbat erabiltzaileren haserrea eragin du bideoak Twitterren; nazka adierazi dutenak ere izan dira. Blanca Urgell Patxi Lopezen gobernuko Kultura sailburu izan zenak ere erantzun du, bideoak hitzik gabe utzi duela adieraziz eta elebakartasuna biktimizatzen duela gaineratuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.