Albistea entzun

Gizartea

Genero eta etxeko indarkeria kasuek ez dute behera egin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

2015eko memoria aurkeztu du EAEko Fiskaltzak. Beste delituetan beheranzko joera dago. Juan Kalparsorori emakumeen aurkako indarkeriaren arloan zeregin handia dagoela iruditzen zaio.

Juan Kalparsoro eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskalak, iaz, 2014ko txostena aurkezten
Juan Kalparsoro eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskalak, iaz, 2014ko txostena aurkezten Monika del Valle / Argazki Press

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko irailak 28

Iaz, 105.232 aurretiazko diligentzia abiarazi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietan; 2014an baino %3,86 gutxiago izan ziren. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren esanetan, azken urteetako beherako joerari eutsi zaio. Izan ere, 2014an, 109.468 abiarazi ziren; 2013an, 115.520; 2012an, 124.898; eta 2011n, 127.325. Bereziki, Bizkaian nabarmendu da beherakada. Presazko eginbideek ere behera egin dute 2011tik. "Baikor" agertu da Kalparsoro, baina ez du "atsegin hartua" geratu nahi izan. Helburu berriak ipini behar direla iruditzen zaio. Eta horietako bat genero indarkeria eta etxeko indarkeria dira. Bi kasu horiek izan baitira delitu kopuruak gora egin duten bi arloak.

Hain zuzen ere, genero indarkeriari lotutako auzibideek %2,11 egin zuten gora iaz; 5.800 auzibide abiarazi ziren. 1.640 epaitan zigortu zen erasotzailea. Iaz, andre bat hil zuten Araban eta bi Bizkaian. Fiskaltzak proposamen bi egin ditu. Batetik, auzibideak irauten duen bitartean ikertua zaintzapeko askatasunean ezartzea eskatu du Kalparsorok, aldentzeko agindua sarri ez delako nahikoa izaten. Bestetik, ez du nahi delitua aitortu izana aringarritzat hartzea.

Internet eta sare sozialak bereziki aipatu ditu, sexu abusuak egiteko erabiltzen delako gero eta gehiago. "Ez dira kopuru handiak, baina ondorioak oso larriak dira, biktimak normalean adingabeak izaten direlako", ohartarazi du. 2015eko Zigor Kodearen erreformak grabatutako irudiak zabaltzea tipifikatu izana goraipatu du, baina iruditzen zaio oraindik badirela tipifikatu beharreko beste delitu batzuk; adibidez, biktimaren identitatea ordeztea.

Etxe barruko indarkeriaren kasuan, seme-alaben erasoak sufritzen dituzten gurasoen kasuen gorakadak larritu du Kalparsoro. 2014an 495 izan ziren, eta, iaz, 549. Asko kezkatu du erasotzaileak gero eta gazteagoak direla ikusteak. Gora egin du, halaber, seme-alabei erasotzen dieten gurasoen kopuruak: 407tik 472ra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zigoitian bi emakume hil ziren istripu batean, kamioi batek haien autoa jota. ©DAVID AGUILAR / EFE

Euskal Herriko errepideetan 85 lagun hil dira istripuz urtebetean

Irati Urdalleta Lete

Pandemiak 2020an eragindako geldialdiaren ostean, 2021ean gidariak berriz atera dira errepidera, eta, horrekin batera, %20 ugaritu dira heriotzak. Hildakoen %82 gizonezkoak izan dira
<b>ZIUak, beteago.</b> Osasun langile bat gaixo bat artatzen, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. ©MARISOL RAMIREZ /FOKU

Birusarekin 129 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian aste bakar batean

Edurne Begiristain

Joan den urteko otsailaren erdian erregistratutako datuen parekoa da. 180 eri daude ZIUetan, larri. Hirugarren dosia 30-39 adin tartekoei zabaldu die Osakidetzak
2021 urteko balantze korporatiboa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.