NUP-en inkesta

Berdinketa Barkosen gobernua babesten dutenen eta oposizioaren artean

Hamabost parlamentari lituzke UPNk, eta zortzina edo bederatzina Geroa Baik eta EH Bilduk. Uxue Barkos da balorazio onena duen politikaria. Gainera, lau nafarretik hiru Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin batzearen aurka daude.

Nafarroako Legebiltzarrean eginiko saio bat. Apenas aldatuko litzatekeen indar korrelazioa, inkestaren arabera. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko abenduaren 5a
12:27
Entzun

Nafarroako Gobernuaren eskariz, foru hauteskundeei buruzko inkesta bat egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Horren arabera, UPN litzateke lehen indarra; hamabost ordezkari lortuko lituzke, orain dituenak bezainbeste. Bigarren indarra izateko lehian leudeke Geroa Bai eta EH Bildu, biek bailituzkete 8-9 parlamentari. Gaur egun, bederatzi ditu Geroa Baik, eta zortzi EH Bilduk.

Laugarren indarra PSN litzateke, zazpi ordezkarirekin. Horiexek ditu orain. Ordea, laugarren indarraren postua kenduko lioke Ahal Dugu-ri, alderdi hori zazpi parlamentaritik sei izatera igaroko litzatekeelako. PPNk hiru legebiltzarkide (+1) lor litzake, eta Ezkerrak, berriz, bi; gaur egun duen kopurua, alegia. Ciudadanos berriro geldituko litzateke legebiltzarretik kanpo.

Ernesto Perez Esainek aurkeztu du ikerketa. Talde gehienen indarra apenas aldatuko litzatekeen, baina egun duen gehiengoa galduko lukete Uxue Barkosen gobernua babesten duten alderdiek; 25 parlamentari lituzkete, eta UPN, PSN eta PPNk beste 25. Berdinketa, beraz.

Ia erdiak, pozik autogobernu mailarekin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin batzeaz ere galdetu du NUPek. Lautik hiru (%74,1) daude aukera horren aurka, eta %25,9 alde. Halaber, %48,3 pozik daude Nafarroak duen autogobernu mailarekin, eta %12,4 oso pozik azaldu dira. Kontrara, %26,6k erantzun dute ez daudela pozik edo batere pozik egungo autonomia mailarekin.

Nortasunaz galdetuta, %45,1ek erantzun dute nafarrak sentitzen direla, eta %20,1ek, berriz, euskal herritarra eta nafarra. %8,9 espainiarrak baino ez dira sentitzen, eta %8,6 euskal herritarrak, nafarrak eta espainiarrak. 800 lagun galdekatu dituzte inkestan.

Nafarroako Gobernuaren jardunaren balorazioa egin dute inkestari erantzun dioten herritarrek. Hamar puntutik 4,92 lortu ditu, eta haren presidente Uxue Barkosek, berriz, 4,98. Nafarroan balorazio onena duen politikaria da. Parlamentuko bozeramaileen artean, Geroa Bai-ko Koldo Martinezek jaso du balorazio onena (4,7) eta PPko Ana Beltranek okerrena (3,6). Ezkerrako Jose Miguel Nuini 4,6 puntu eman dizkiote, PSNko Maria Txibiteri 4,5, Ahal Dugu-ko Laura Perezi 4,3, EH Bilduko Adolfo Araizi 4,2 eta UPNko Javier Esparzari 4.

Herritarren %42,2k uste dute gobernuak badakiela arazoak nola konpondu, eta %32k uste du ezetz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.