ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Festa ala demokrazia

Atxagak ez du interesik herri galdeketei buruz. Beitialarrangoitiak, Uribe-Etxebarriak eta Biurrunek erabakitze eskubidea printzipio demokratikoa dela aldarrikatu dute. Bideoa albistearen barruan.

Mahai inguruko irudi bat. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2017ko otsailaren 2a
08:03
Entzun

Bideoa: Saioa, osorik (Lara Madinabeitia / Berria TB).

[Youtube]https://youtu.be/Nxa7UyQDpJM[/Youtube]

Zein da gu?», galdetu du Bernardo Atxagak Tolosan (Gipuzkoa), erabakitze eskubideari eta herri galdeketari buruzko solasaldian. «Hori da zaila erabakitzen», erantzun du idazleak berak, eta argi esan du «politikaz ari garenean» ez duela «onartzen» Herria terminoa. «Gizarteaz ari naiz ni». Ez du interesik erakutsi Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketez. «Asteasun testa ondo aterako litzateke. Baionan?». Eta, beraz, zer?

«Printzipio demokratikoari» helduz ihardetsi diote saioko beste hiru lagunek: Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak eta Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak. Erabakitzeko eskubidearen alde azaldu dira, eta gehiengoaren erabakia onartu behar dela aldarrikatu dute.

«Pertsonak askatasuna izan behar du berari dagokion guztia erabaki ahal izateko», adierazi du Biurrunek, eta zehaztu du: «Espainiarekin izan nahi dugun harremanak gure esku egon behar du, Espainian egon nahi dugun edo ez esateko aukera izan behar dugu». Errora ere jo nahi izan du: «Baina debekatzen digutena erabaki eskubidea da». Espainiako Konstituzioak ez dio Euskal Herriari erabaki eskubiderik aitortzen. Ez dago horren alde epailea: «Zuzenbideak ez du oztopo izan behar, lagungarri baizik».

Baina zeinek erabaki behar du? Zein gara gu? Hori galdetu du Atxagak Tolosako saioan behin baino gehiagotan, 250en bat ikusleren aurrean. Kasurako, 1979ko erreferendum bat gogoratu dio Biurrunek: «Hemen gauden guztiak gara gu, eta, adibidez, gu hori ez zen zalantzan jarri [EAEko] Estatutua onartu zenean».

Uribe-Etxebarriaren ustez, erabakitzeko eskubidea gauzatzea ez da «zatikatzailea»; betiere, erabakitzeko prozesuan «komunitateko identitateak» hartzen badira kontuan. «Hemen ere identitate asko daude. Baina subjektu politikoa herria da, eta honek erabakitzeko eskubidea du». Demokrazia da hori, EAJko legebiltzarkidearentzat, eta «hori edozeren gainetik dago».

Ordea, ez da halakorik gertatzen Espainiako Estatuan, Beitialarrangoitiaren arabera. «Espainiakoa ez da demokrazia, gure ustez». Galdetu du ea legeak egon behar duen demokraziaren mesedetan ala demokraziak legearen mesedetan. Hark ere demokraziaren alde egin du; hau da, herritarrek erabaki ahal izateaz, eta, ondorioz, gehiengoaren hautua errespetatzeaz.

Hego Euskal Herriak «burujabetza mugatua» duela txarretsi du EH Bilduko diputatuak. Adibide modura, LOMCE aipatu du, baita Madrilek euskal legeen kontra etengabe helegiteak aurkeztu izana ere. Onartu du gaur egungo munduan «interdependentzia» egoera batean bizi direla estatuak, baina zehaztu du berak euskal estatua nahi duela. «Erabakiak hartzen dituztenen maila berean egon nahi dugu interdependentzia horretan».

Ariketa

Atxagak ez du uste erabaki denak Madrilen hartzen direnik. «Hartu testuliburuak. Erabaki gehienak hemen hartzen dira. LOMCE azkenetako arazoa da». Euskal Herria, estatua, errepublika eta antzeko terminoen erabileraz ere kexu agertu da, errazegi erabiltzen direlakoan; errealitatea konplexuagoa dela dio. «Edota gure nortasun ikurraren adierazle nagusia euskara dela ere esaten da. Asteasun bai. Tuteran ez. Hemen hiru hizkuntza daude: euskara, gaztelania eta frantsesa». Euskaldunek euskal kulturaz interes berezirik ez dutela esan du, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Etxauzia proiektua adibide gisa erabiliz; idazleak iritzi dio inor gutxik duela horri buruzko informazioa.

Biurrunek Tolosaldeko kontsultan —datorren martxoaren 19an izango da— galderan errepublika hitza egotea nahiko luke, baina aipatu du nahiago duela bere erantzuna gailen izatea baino parte hartzea %80koa izatea. Prozesuari eta partaidetzari eman dio garrantzia epaileak. «Izan ere, herritarrak ikusten duenean gauzak bere esku daudela, gauza asko aldatuko lirateke».

Atxagari galdeketen esperientzia «festa bat» dela iruditzen zaio, eta bukaeran berretsi du ez duela interesik, ez diola ardura, ez duela «festa» horretan parte hartuko. Leidor zinemako ikus-entzule batek galderen txandan erantzun dio hau ez dela festa bat, «ariketa bat baizik». Beitialarrangoitiak Katalunian estatu propioaren alde egiten ari diren ariketa goraipatu du. «Espainiari beste fronte bat zabaldu beharko genioke hemen». Horren aurka azaldu da Atxaga: «Kataluniakoa ez da eredugarria, buruko mina ematen dit. Disparate bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.