ARANTZA ZULUETA

Auzitegi Nazionalak ebatzi du Zulueta aske uztea 20.000 euroko bermea ordainduz gero

2014ko urtarrilaz geroztik preso dago abokatua. Epaileek aintzat hartu dute "kartzela frontearen" jarduera eza, argudiatu baitute murriztu egin dela Zuluetak "delituak berriro egiteko arriskua". Hamabost egunero joan beharko du epaitegira, eta ezingo du Espainiako Estatutik atera.

2014ean eraman zuen atxilotuta Guardia Zibilak. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
jon olano
2017ko otsailaren 24a
09:48
Entzun

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen aurkako operazioan atxilotu zuten Arantza Zulueta abokatua, 2014ko urtarrilean. Harrezkero espetxean izan da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Aretoak ebatzi du, ordea, haren egoera aldatzea. Baldintzarik gabeko espetxealdian zegoen, baina, orain, erabaki du hura aske gera daitekeela 20.000 euroko bermea ordainduz gero. Puerto III espetxean (Cadiz, Espainia) dago.

Hiru urte daramatzanez Zuluetak behin-behineko espetxealdian, epaileek uste dute "urritu" egin dela hark ihes egiteko aukera. Halaber, epaileek argudiatu dute Zulueta abokatua dela aurki egingo dutela auziaren gaineko epaiketa. Prozedura "konplexua" denez, defentsa ongi prestatzeko aukera bermatu behar zaiola iritzi diote epaileek.

Auzitegi Nazionalak aintzat hartu du, besteak beste, ETAren "kartzela frontea" esaten diotenaren jarduera eza: "Delituak berriro egiteko arriskua gutxitu da, kontuan hartuta igarotako denbora eta ikerketapean dagoen ustezko erakundeak jarduera eten duela". Hori horrela, epaileek idatzitako autoak dio ez dagoela "nahikoa arrazoi" Zulueta "baldintzarik gabe" espetxean izateko.

Zenon: "Epaileak dira aldatu direnak"

Aurretik zenbait aldiz ukatua zioten baldintzapeko askatasuna. Galdetuta zer aldatu den oraingoan erabakia ezberdina izateko, Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan Alfonso Zenon Zuluetaren abokatuak esan du epaileak direla aldatu direnak.

Abokatu ugariren aurkako ekinaldian auzipetu zuten Zulueta 2010ean. Fiskaltzak Halboka taldekoak izatea egotzi die auzipetuei; hau da, ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arteko "lotura" egitea, eta presoen kolektiboa "kontrolatzea". "Erakunde terroristako kide" izatea ere leporatu zioten. Hemeretzi urteko zigorra eskatu du fiskalak Zuluetarentzat.

2011n preso egon zen, baina irten eta hiru urtera atxilotu zuten berriro. EPPKren abokatuen aurkako operazioan atxilotu zituzten, Zuluetaz gain, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Zulueta zen operazio hartatik kartzelan zegoen bakarra.

"Espetxe frontearen" aurkako sumarioa

"ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita, 47 euskal herritar auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2013ko irailean hasitako polizia operazioen soka auzi bakarrean bildu du Eloy Velasco epaileak: 11/2013 sumarioan. Beste makrosumario bat, orain, euskal presoen babesaren aurka. Izan ere, abokatuen aurkako sarekadaren aurretik, Herrira-ren aurkako operazioa egin zuten, eta hemezortzi lagun atxilotu. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako operazioa egin zuten, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.