Ikurrak

Esparza: "Gobernura heltzen garenean ikurrinak kenduko ditugu"

2003ko Ikurren Legea indargabetuta, Nafarroako ikur ofizialak berdin-berdin errespetatu eta babesten direla arrazoitu zuen Uxue Barkosek atzo legebiltzarrean, eta gaineratu zuen helburua dela debekua kentzea hala nahi duten udalek ikurrina edo beste ikur batzuk jarri ahal izateko.

Javier Esparza eta atzean Uxue Barkos, astelehenean, Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko otsailaren 28a
14:51
Entzun

Iazko martxotik seigarren aldiz jo du Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak parlamentura ustez Ikurren Legeari buruzko bere jarrera argitze aldera. Barkosek erantzun du bere jarrera argia dela. 2003ko foru legea indargabetzeko laukoaren proposamena defenditu du, eta zehaztu du ez dela ezer inposatuko, alderantziz baizik. "Egungo legea jaio zen debekatu eta isunak jartzeko helburu argiarekin. Politika horien aurrean askatasunez hautatzearen aldeko politiken alde egiten dut, aniztasuna aitortuz eta sentsibilitate guztiak errespetatuz".

UPNri eta PPri aurpegiratu die "gatazka etengabe" piztu nahian aritzea. "Eztabaida gai honen inguruan bilatzen duzue, baina ez du denak balio. Behin eta berriz etortzeko eskatzen zait iritzi publikoari helarazteko asmoz banderez hitz egitea besterik ez dugula buruan, baina, berez, zuek baizik ez zarete ari etengabe horri buruz hizketan".

Aurreko egunetan, UPNk eta PPk salatu dute proposamenak Nafarroako ikur ofizialak "mespretxatzen" dituela eta nafarrei "irain" egiten diela. "Utz iezaiozue gezurrak esateari", eskatu die. Gogora ekarri ditu Nafarroako jauregitik armarri ereinozduna kentzeko proposamenari egindako kritikak. "Gogoratzen dituzue esan zenituzten gauza guztiak jakinda gezurra zirela?", galdetu die.

Barkosen esanetan, ikur ofizialek bere horretan jarraituko dute, eta soilik 2003ko legearen debekua kenduko da, horrela udalen eskuetan uzteko ikurrina edo beste ikur batzuk jartzeko aukera. "Leitzan gehiengoak hala nahi izanez gero ikurrinaren debekua kentzearen alde eta Cortesen ikurrina inposatzearen aurka egingo dut". Ikurren erabilera normalizatzeko helburua duela azpimarratu du. "Nire inozotasunean, eskatzen dizuet egoera horiek gainditzeko eta hizkuntz suharra zein ikuspegi apokaliptikoak atzean uzteko".

Zarataren etekina

Hitzok entzun ostean, Esparzak bereari eutsi dio. "Elkarbizitza normalizatzeko, eska iezaiozu EH Bilduri ETAren atentatuak gaitzesteko". Horrela hasi du bere diskurtsoa UPNko presidenteak: "Ikurrinak zatitu egiten du. Ikurrina jarri ahal izateko, batzuek mehatxatu eta erail egin dute. Horregatik, sentsibilitatez eta errespetuz jokatzeko eskatzen dizut".

Esparzak behin eta berriz esan du proposamena "agenda nazionalistaren parte" dela, eta Nafarroa "Euskal Herri irudikatu horren barruan" izatea nahi duela. "Esaten duzue ikurrina Nafarroako bandera bezain nafarra dela: hori gezurra da. Ni ez nator bat horrekin, baina zu bai". Haren ustez, ikurrina jartzea "ETAren jarduera zuritu", euskara inposatu eta Nafarroara erregeak ez etortzeko estrategiaren parte da. Diskurtsoa amaitu du iragarriz gobernura heltzean ikurrinak kentzeko asmoa duela.

PPko Ana Beltranen irudiko, herritarrei "iseka egin die" Barkosek. "Ez zara kalera ateratzen. Zure jauregian sartuta zaude. Jendea sututa dago proposamenarekin". Beltranen arabera, legeei ez dagokie sentimenduak arautzea, eta, egungo legea indargebetuta, "bakoitzak nahi dituen ikurrak" jar ditzake. Beltranek adierazi du nafar askok Osasunaren bandera defenditzen dutela. "Zergatik ez dute orain hori ere jarriko?".

Laukoaren jarrera

Geroa Baiko Koldo Martinezek UPNri eskatu dio behingoz uzteko esateari gobernua "ETAren jarduera zuritzen" ari dela. "Onartezina eta lotsagarria da. Hemen inor ez da ezer zuritzen ari. Bestela, guk ere leporatu dezakegu zuk beste indarkeriak zuritzen dituzula. Aski da indarkeriarekin jolas egitea, aski da kolore bateko eta besteko biktimak erabiltzea".

Martinezen irudiko, "ikurrina beste banderak bezain ederra da, demokratikoki defenditzen den artean. Okerrena da banderak erabiltzen direnean bere sentitzen ez dutenen edo desberdin pentsatzen dutenen aurka. Lurralde honetan asko egiten da hori". Gogora ekarri du Javier Esparza Agoizko alkate zenean ikurrina udalean zegoela jarrita edo bera herriko futbol taldeko atezain zenean besoan eramaten zuela ikur hori: "Ez dakit orduan ere ikurrinak jendea zatitzen ote zuen".

EH Bilduko Maiorga Ramirezek "seriotasun pixka bat" eskatu die UPNri eta PPri. "Gauzak ezin dira putzura bota lokatza sortzeko". Azpimarratu du koalizio abertzaleak irmo defenditzen dituela printzipio etikoak. Haren irudiko, proposamenaren inguruan bi jarrera daude: askatasunaren eta elkarbizitzaren alde egitea 2003ko legea indargabetuz, edo inposizioaren alde egitea.

Ahal Dugu-ko Laura Perez "filibusterismotzat" jo du oposizioak etengabe lehendakariaren agerraldia eskatzea horrelako gaiez behin eta berriz hitz egiteko. UPNri aurpegiratu dio 2003ko legeak ikur frankistak kentzeko debekua ezartzen zuela baina ez zuela ezer egin.

Ezkerrako Marisa de Simonek ukatu egin du legea indargabetzea agenda nazionalista baten parte dela. "Nahi adina errepikatu dezake Esparzak, baina proposamen honek ez ditu Nafarroako ikur ofizialak aldatuko".

PSN: erdian nahi, baina UPN eta PPrekin

PSNko Maria Txibitek sosegua eskatu du, baina jarraian azaldu du proposamena "agenda nazionalistaren barruko beste urrats bat" dela. Horregatik, haren ustez, "oker bat da" urrats hori egitea. "Ez da herritarren lehentasuna. Bere kezka nagusia enplegua da. Zuek zurera". Beltranek egin bezala, Txibitek defenditu du legeek ez dituztela herritarren sentimenak arautzen. "Norberak nahi duena sentitu dezake, baina legeek ez dituzte sentsazioak arautzen, lurralde egituraren bandera baizik".

Amaieran, bigarren txandan, Barkosek UPNri eta PPri erantzun die Nafarroako ikurrak bere sentitzen dituela. "Hainbeste, ezen oka egiteko gogoa sartzen baitzait ikurren erabilera politiko hori ikusita". Esparzari gaineratu dio anormaltasun demokratikoa egiazki 2003ko legeak ezarri zuela. Txibitek esan duenez 2003ko legeak ez zuela ezer inposatzen, Barkosek gomendatu dio Sakanan osteratxoa egiteko: "Joan zaitezte hara, edo beste toki batzuetara, eta ea zer esaten dizueten".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.