ETA-ren armagabetzea

Babes politiko eta sozial zabala armagabetzeari

Euskal Herrian nahiz nazioartean, politikagintzan nahiz gizarte eragileen artean, kolore ia guztietako alderdiek eman diote sostengua apirilaren 8ko ekinbideari.

jon olano
2017ko apirilaren 7a
07:28
Entzun

Batzuk Baionan izango dira larunbatean, beste batzuk ez, baina, edozein kasutan, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta instituzional batek adierazi dio babesa, modu batera edo bestera, ETAren armagabetzeari. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek armagabetzearen data jakinarazi zuenetik, etengabeak izan dira harekiko tokiko nahiz nazioarteko eragileek plazaratu dituzten jarrera hartzeak.

Gehien-gehienak, armagabetzea babestearen aldekoak. Esanguratsuena, asteazkenean Bilbon irudikatutakoa; prentsaurreko batean, desarmatzeari sostengua adierazteko adierazpen bateratu bat aurkeztu zuten Hego Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal nagusiek. Tartean ziren EAJ, Geroa Bai, EH Bildu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nahiz Nafarroako Ahal Dugu, PSE, Ezker Anitza, ELA, LAB, UGT eta CCOO. Ezkerrak ere bat egin zuen, nahiz eta prentsaurrera ez agertu.

[Youtube]https://youtu.be/5Ao9k9wihU0[/Youtube]

Adostasuna ere oso zabala izan da Iparraldean. Horren adierazgarri, larunbateko deialdiarekiko atxikimendua adieraziz agerraldi bat egin zuten eragile eta pertsonen zerrenda. Horiek iragarri zuten "milaka" izango direla bakearen artisauak apirilaren 8an. Horien artean daude Sylviane Alaux PSko diputatua, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako presidente ordea, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, Michel Veunac Miarritzeko auzapeza eta Martine Bisauta Euskal Elkargoko presidenteordea. Hain justu, larunbat goizean batzartzekoak dira Euskal Elkargoko 233 hautetsiak.

[Youtube]https://youtu.be/A_XMQwpAPqU[/Youtube]

Frantziako Estatuak ere babes zabala eman dio apirilaren 8ko ekinbideari. Dozenaka lagunek eta eragilek sostengua adierazi diote armagabetzeari, eta gaineratu "ezinbestekoa" dela Euskal Herriaren etorkizunerako. Bakearen artisauen ekinaldia txalotu dute, eta Frantziako agintariei eskatu diete ez dezatela oztoporik jar.

Sinatzaileen artean daude Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Yannick Jadot europarlamentaria, Julien Bayou Europe Ecologie Berdeetako Frantziako bozeramailea eta Susan George Attac-eko ohorezko presidentea.

Alor sindikalean, berriz, Ipar Euskal Herriko, Bretainiako, Korsikako, Kanakyko eta Frantziako zenbait sindikatuk agiri bat plazaratu dute, ETAren armagabetzeari eta arlo horretan bakearen artisauek egindako lanari sostengua emateko. "Frantziako agintariei eskatzen diegu oztoporik ez jartzeko ETA guztiz desarmaturiko erakundea izan dadin", esan dute CFDT, LAB, CNT, Frantziako eta Euskal Herriko Solidaires, Sytrail, STC (Korsika), SLB (Bretainia), USTKE (Kanaky) eta beste zenbait sindikatuk.

Bestalde, Foro Soziala izan da urteotan gizarte zibila bakegintzan aktibatu duen eragile nagusietakoa. Orain Foro Sozial Iraunkorra denak ere sostengua eman dio armagabetzeari, eta nabarmendu du "gatazkaren gainerako ondorioak arrazoizko parametroetan konpontzeko" bultzada ekarri behar duela.

Instituzioen babesa

Alor instituzionaletik ere heldu zaio babesa armagabetzeko egitasmoari. Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk izan ezik, ETAri eskatu diote "ahal den azkarren" egin dezala armagabetzea, eta prozesua "bakarra, alde bakarrekoa, osoa eta behin betikoa" izan dadila. Bestalde, testuan Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari galdegin diote jarraitzea helburu hori betetzeko "lan ona" egiten, eta ontzat jo dute, halaber, ETAren armagabetzea lortzeko gizarte zibilak eta erakundeek erakutsitako inplikazioa. Jaurlaritzak ere esana du bitartekari ariko dela.

Armagabetzearekin engaiatu da Nafarroako Parlamentua ere, adierazpen instituzional bat gehiengoz onartuta. Eusko Legebiltzararen legez besteko proposamenaren edukiaren antzekoak jaso zituen Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak babestutako agiriak. Halaber, apirilaren 8ko ekinbideak euskal gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko "sekulako" garrantzia duelakoan, babesa adierazi dio Udalbiltza Euskal Herriko Udalerrien Biltzarrak.

Nazioarteko elkartasuna ere jaso du Apirilaren 8ak. Esaterako, EFA European Free Alliance-n batzar nagusiak aho batez onartu du EAk ETAren armagabetzearen alde aurkeztutako mozioa. Ongietorria eman dio neurriari, eta poztu egin da euskal alderdi gehienek babesa agertu dutelako. Horrez gain, Basque Friendship Group bake prozesua babesteko europarlamentarien taldeak ontzat jo du ETAren armagabetze prozesuaren iragarpena, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei galdegin die prozesua "ahalbidetu" dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.