EUSKARA

Gipuzkoako euskara planaren lau artikulu indargabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Urkijo gobernu ordezkariak jarritako salaketari bide eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak, nahiz eta ez duen salaketa osoa aintzat hartu. Euskara lehenesteko neurriak hartu zituen aldundiak planean, eta epaileek diote horietako batzuek “koofizialtasunaren araua” urratzen dutela.

Garitano ahaldun nagusi ohia eta Urkijo Espainiako gobernu ordezkari ohia, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 23a
09:28
Entzun

Aurreko agintaldian onartu zuen 2013-2017 arteko euskara plana Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iragarri zuen euskara izango dela “lehenetsitako” hizkuntza diputazioaren jardunean; euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka “berdintzea” jarri zuten helburu. Horretarako, besteak beste, neurrien artean sartu zuten agerraldi publikoak euskaraz egitea gaztelaniazko itzultzaileak jarrita, eta kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak jartzea. Hori bai: nabarmendu zuten euskaraz ez dakitenen hizkuntza eskubideak bermatuko zituela.

Auzitara jo zuen Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariak. Argudiatu zuen euskara lehenesteak “koofizialtasuna urratu” egiten duela, eta erdaldunak babesgabe utzi.

Donostiako auzitegiak artikulu bat indargabetu zuen salaketa haren ondorioz, 9.3 artikulua: “Foru aldundiaren laguntzaren bat jasotzen duten elkarte eta entitateek, pertsona fisikoek nahiz juridikoek, diruz lagundutako jardunaren bitartez sortzen diren dokumentu, euskarri, publizitate eta agerpen publiko orotan euskara erabili beharko dute, gutxienik bi hizkuntza ofizialen berdintasuna zainduz”. Beste artikuluak baliozko jo zituen. Urkijok helegitea jarri zuen, plan osoa indargabetu nahi eta; aldundiak ere jarri zuen helegitea, bertan behera utzitako artikulua baliozko jotzeko —ordurako EAJ eta PSE-EE zeuden foru gobernuan—.

EAEko Auzitegi Nagusiak eman du sententzia orain. Planeko beste lau artikulu indargabetu ditu, euskararen eta gaztelaniaren arteko simetria ez dutelakoan errespetatzen. Hauek dira bertan behera utzitako artikuluak:

5. artikulua: Komunikazio instituzionala. Agerraldiak euskaraz egitea —itzulpen zerbitzua jarrita—, eta “jasotzaileak eremu soziolinguistiko eta herritar euskaldunak direnean” euskaraz egitea. Auzitegiak atzera bota du euskaraz bakarrik egitea.

8. artikulua: Kontratazio administratiboak. Hizkuntza irizpideak zehaztu zituzten aldundiak kontratuak egiten dituenerako. Epaileek baliorik gabe utzi dute puntu hori, uste baitute hizkuntza irizpide horiek ezin direla jarri “edozein jardun edo zerbitzuren kontratazioan”; ohartarazi dute soilik herritarrekin zuzeneko harremana duten jardunetan jar daitezkeela irizpide horiek.

11. artikulua: Argitalpenak. Bi hizkuntzak erabiltzea zehaztu zuten, euskarari lehentasuna emanda. Baina beste puntu bat ere bada: “eremu soziolinguistiko edo hartzaile euskaldunak” direnean, euskaraz egitea argitalpenak. Epaileak atzera bota du, bosgarren artikuluaren argudio berberarekin.

13. artikulua: Internet. Ezarri zuten diputazioaren webguneetan euskarazko bertsioa agertuko dela lehenik, eta handik jarriko dutela gaztelaniazko edo beste hizkuntza batzuetarako aukera, “horrelakorik badago”. Hor ikusten du arau-haustea auzitegiak: “horrelakorik badago” horretan, “diskriminazioa” dagoela euskaldunen eta erdaldunen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.