mendia

Zerain eta Galvan bizirik aurkitzeko aukera baztertu dute taldekideek

Mazeno ertzeraino bitan joan eta mendizaleen arrastorik aurkitu gabe, amaitutzat eman dituzte erreskate lanak Nanga Parbat inguruan. Elur jausi bat aurkitu dute bi mendizaleak desagertu ziren tokian. Joan den larunbatean jaso zen Zerainen eta Galvanen azken seinalea.

Alberto Zerain eta Mariano Galvan, Manaslun. BERRIA
Jon Ordoñez - Arantxa Elizegi
2017ko uztailaren 1a
08:13
Entzun

Aste bat bete da Alberto Zerain mendizale arabarraren arrastoa Nanga Parbaten galdu zenetik. Mariano Galvan argentinarrarekin abiatu zen tontorrera Mazeno bidetik, eta igoera kudeatzen duen enpresak ez du pasa den larunbatetik euren berririk. Azken egunetan helikopteroak ezin izan du eguraldi txarragatik bila joan.

Baina gaur Euskal Herrian goizaldeko 03:00ak zirenean abiatu da Pakistango armadaren airekoa Mazeno ertzera. Bilaketa lanetan parte hartu du Alex Gavan alpinistak ere. Beheko kanpamenduan egon da bera orain arte, eta Zerain eta Galvan mendizaleak bilatzeko lehen saioan ere parte hartu zuen. Sebastian Alvaro mendizaleak eman du helikopterokoak ikusitakoaren berri. Airekoa bitan igaro da Mzno ertzaren gainetik, eta mendizaleen arrastorik gabe eman ditu amaitutzat erreskate lanak. 2x14x8.000 egitasmoko kideek baztertu dute inor bizirik aurkitzeko aukera.

Bi mendizaleen gertuko iturriek zabaldu dutenez, Zerainen GPSak 150 metroko eroriko baten seinalea eman zuen erabat itzali aurretik. Joan zen larunbatean izan zen hori, eta une hartan bi mendizaleak 6.000 metroko altueran ziren.

Esperientziadun alpinistak

Zeraini larunbatean galdu zioten arrastoa, Galvan sokakidearekin batera Nanga Parbaten gora (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro) zihoazela. Ezagun zuen Galvan aurretik ere; 2016an, harekin igo zen Manaslura. Hamar zortzimila igo zituen, eta Everest, munduko tontorrik garaiena, birritan; 1993an eta 2000n. Aurten, Annapurna igo zuen, maiatzean; hirugarren zortzimilakoa zuen urtebetean, 2009az geroztik zortzimilakorik igo gabe egon eta gero.

Annapurnatik bueltan elkarrizketatu zuen BERRIAk; bertan, Zerain horrela mintzatu zen Nanga Parbaterako espedizioaz: "Oraingoa esperientzia berri bat da niretzat. Inoiz ez naiz espedizio batetik etorri eta hain denbora gutxian berriro ere beste batera joan. Ilusioa egiten dit gauza batzuk ikusteak, esaterako, hain denbora gutxian girora egokitzea zenbat galtzen den, berriro ere buru-belarri kontzentratuta egotea...".

Lau tontor falta zitzaizkion 8.000 metrotik gorako guztiak egiteko: Cho Oyu, Nanga Parbat, Broad Peak eta Shisha Pangma. Hamalau zortzimilakoak osatzeko "gogotsu" zegoen, baina ez itsututa: "Lortuko ez banitu ere, ez litzaidake mundua gainera eroriko, hori argi daukat".

Zerain baino lehen, hamazazpi ziren Himalaian hildako euskal mendizaleak. 2009ko uztailaren 20an hil zen azkena, Luis Mari Barbero bizkaitarra, Gasherbrum II (8.035 metro) igotzen ari zela. Ez zen haren gorpua aurkitu. Ezbehar handiena, ordea, 2001ean gertatu zen; urriaren 16an, Aritz Artieda, Javi Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak eta Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarrak hil ziren Pumori (7.161 metro) igotzen ari zirela elur jausi batek harrapatuta.

Laguntza eskaintza

Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala harremanetan daude Zerainen sendiarekin, eta babesa emateaz gain, behar dituzten izapide administratiboekin laguntza eskaini diote. Hala jakinarazi dio Gasteizko Udalak Ainhoa Lendinez EITBko kazetariari. Familiak Espainiako enbaxadari presio egiteko eskatu die erakundeei, izapide horiek arintzeko.

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza ere prest agertu dira Zerainen bila joateko. Gasherbrumen daude hiru mendizaleak WOPeak ekimenaren barruan G-I eta G-II tontorrak jarraian kateatzeko erronkan. Nanga Parbatetik ordu eta erdira daude helikopteroan, baina euren espedizioa utzi eta erreskate lanak koordinatzera joango lirateke, hala beharko balitz. Vallejok Lendinezi jakinarazi dio, ordea, halakorik beharko ez delako itxaropena dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.