Altsasuko auzia

"Kriminalizazioa" salatu dute Altsasun, espetxeratzeen urteurrenean

Urte bete egin dute espetxean Altsasuko hiru gaztek, terrorismo delitua leporatuta. Altsasukoak Aske plataformak "epaiketa iruzurtia" izango dela salatu du. 2018ko apirilean epaituko dituzte zortzi gazte auziperatuak.

Gaurko mafestazioa, Altsasun (Nafarroa).
2017ko azaroaren 26a
20:06
Entzun

Beste behin ere mobilizazio jendetsua izan da Altsasun, herriko gazte auzipetuen egoera salatzeko. Antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona baino gehiago elkartu dira gaur, auzipetuetako hiruk espetxean urte bete egin dutela salatzeko.

Manifestariek salatu egin dute Espainiako justiziaren jarrera. Auzitegi Nazionalak terrorismo delitua egozten die ustez zerbitzuz kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatzen du sei auzipeturentzako, 62ko espetxealdia beste batentzako eta 12 urtekoa zortzigarrenarentzako. 2018ko apirilean izango da haien kontrako epaiketa.

Altsasukoak Aske herritar plataformak "muntaia" salatu du, eta nabarmendu du "epaiketa iruzurtia" ari dela prestatzen Auzitegi Nazionala. Adierazi dutenez, horren adierazle da auzitegiak defentsaren frogak baztertu izana.

Hala ere, jaso duten elkartasunari esker, "indartsu" daudela adierazi dute plataformako kideek, eta auzipetuei babesa adierazteko ekimenen berri eman dute. Batetik, literatura lehiaketa antolatu dute "gezurraren aurrean egia" gailendu dadin. Bestetik, mobilizazio gehiago izango direla aurreratu dute, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Hona gaurko manifestazioko zenbait irudi:

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.