INDARKERIA MATXISTA
Peritu frogen balioa ukatu du defentsa abokatuetako batek
Abokatuaren hitzetan, iazko sanferminetan sexu erasoa salatu zuen emakumearen kontakizuna ez da egiazkoa, eta adierazi du sexu harreman "baimendua eta atsegina" izan zela. Bere bezeroen absoluzioa galdegin du. Atzo, akusazioek frogatutzat jo zuten bortxaketa.

Agustin Martinez Becerra bost auzipetuetako hiruren defentsa abokatuak ziurtatu du bere bezeroek ez zutela bortxatu sakaleta jarri zuen emakumea. "Ez zioten sexu erasorik egin, ez zuten urratu haren intimitatea, eta ez zioten lapurtu sakelakoa". Epailearen aurrean, nabarmendu du gertakarien ostean lasai aldendu zirela gizonak emakumearengandik. "Norbaitek uste du horren lasai urrunduko zirela ataritik, gertakarien ingurutik irten gabe, sexu eraso bat egin balute?"
Abokatuak salatu du auzipetuen kontrako "ekaitza" bihurtu dela hasierako salaketa. Horrez gain, ukatu egin du peritu frogak onargarriak izatea. Ziurtatu du "kutsatuta" daudela froga horiek, sexu eraso bat gertatu den ustean oinarritzen direla iritzita.
Sexu harremanen grabazioa jasotzen duten bideoei buruzko txostenari ere balioa ukatu dio abokatuak. "Burutapena" da, haren arabera. Abokatuak adierazi du irudi horietatik ezin dela ondorioztatu sexu erasoa izan zenik. Ziurtatu duenez, bideoan ez da antzematen emakumearen nazka, min edo sufrimendu keinurik; bai, aldiz, "interakzio" keinuak, "sexu harreman baimendu eta atsegina" izan zen adierazgarri.
Auzia epairako prest geldituko da gaur. Auzipetuen defentsen ondorioak aurkezteko saioa da gaurkoa, eta akusatuek hitza hartzeko aukera izango dute azkenekoz. Atzoko saioan, akusazioek frogatutzat jo zuten gizonek emakumea bortxatu zutela.

Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.