Ekialde Hurbila

Liskarrak lehertu dira Gazan eta Zisjordanian

Gazan bi palestinar hil eta dozenaka zauritu dituzte soldadu israeldarrek tiroz. Kalera irteteko eskatu die Al Fatahek palestinarrei, eta "amorruaren eguna" antolatu du Hamasek.

Protestak Betleemen, Zisjordanian. ABED AL HASHLAMOUN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko abenduaren 8a
14:23
Entzun

Jerusalem estatu juduaren hiriburutzat hartzeko proposamena egin ondoren, haserrea hedatu da Palestinan, eta Egiptok, Erresuma Batuak eta Frantziak larrialdiko bilera bat eskatu diote Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Premiaz bildu da kontseilua, eta ez du ebazpenik edo adierazpen ofizialik onartu, baina estatu bakar batek ere ez du babestu Etxe Zuriaren adierazpena.

AEBak, berriz, Israelekin lerrokatu dira, bilera horren aurrean. Normalean Israelek soilik erabiltzen dituen argudioak erabili dituelako, lehen aldiz, NBEei erantzuteko. Nikki Haley AEBetako ordezaria: "Nazio Batuek kalte gehiago egin diote Ekialde Hurbilean bakea lortzeko aukerari, mesede baino". Israelekin "erasokor" jokatzea ere leporatu dio NBEri. Trumpen esanak berretsi ditu Haley: "Israelek eskubidea du hiruburua aukeratzeko". Hala ere, Etxe Zuriak bi estatuen irtenbidearen alde jarraitzen dutela erantsi du segidan.

Bitartean, Palestinan, kalera atera dute haserrea. Zisjordaniako hainbat hiritan enfrentamenduak izan dira. Nazioarteko Gurutze Gorriak jakinarazi duenez berrehundik gora lagun artatu behar izan dituzte, eta haietako bat larri eraman dute erietxera. Gazan ere liskarrak piztu dira goizeko otoitzen ostean, eta soldaduek tiroka erantzun diete aurre egin dietenei. Ondorioz, bi palestinar hil dira eta gutxienez beste 25 bat zauritu dituzte.

Liskarrak Jerusalemera zabalduko direlakoan, Israelek segurtasun neurriak zorroztu ditu. Hala ere, eta gaur musulmanentzat otoitz eguna izanik, Al Aksako mezkitara sartzen utzi die herritarrei.

1948an Israelgo estatua sortu zenetik lehen aldia da herrialde batek Jerusalem hiriburu gisa aitortzen duela. Aitortza horrek buruzagi palestinarren haserrea eragin du, eta agintariek iragarri dute AEBetako presidenteordea ez dela ongietorria izango hilaren bukaeran hara egitekoa duen bidaian. Iranek, bere aldetik, gerra piztu nahi izatea egotzi dio Trumpi, eta hirugarren Intifadarako deia egin du Hezbolahek.

Protestak herrialde musulmanetan

Palestinan ez ezik, Egipton, Jordanian, Bahreinen eta Iraken ere AEBen aurkako elkarretataratze eta manifestazioak egin dituzte. Jerusalem judurik ez eta Jerusalem Palestinako hiriburu irakur zitekeen manifestariek zeramatzaten karteletan. Horretaz gain AEBekiko harremanak bertan behera uzteko ere eskatu diete agintariei.

AEBetako Estatu idazkari Rex Tillersonek tentsio giroa baretu nahi izan du adieraziz Jerusalemen estatusari buruzko azken erabakia israeldareta palestinarrek erabaki beharko dutela, negoziazioa baten ostean. "Argi utzi zuen hori Trump presidenteak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.