Kanpaina baten azken notak

Etzi lehian izango diren indar politikoetako hautagaiek azken eztabaida egin zuten bart gauean TV3en. Uneak eta egoerak hala aginduta, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena eta prozesu subiranistaren bilakaera izan ziren eztabaidaren ardatz nagusiak.

Hautagaiak, TV3eko zuzendariarekin, eztabaida hasi aurretik. TV3
jon olano
2017ko abenduaren 19a
11:01
Entzun

ERCren eta Ciutadansen arteko borroka islatu zen eztabaidaren hainbat unetan, gainerako hautagaiek eztabaida beren eremura eramaten saiatzen ziren bitartean. Honakoak hautagai bakoitzaren ildoak:

Turull, presidentzialista

Junts per Catalunyako presidentegai Carles Puigdemont Belgikan egonik, haren ordez Jordi Turull aritu zen eztabaidan, eta, nagusiki, gai bakarra izan zuen ahotan: hauteskundeen salbuespen izaera eta Puigdemont presidentearen itzulera: “Hauteskunde hauek demokrazian eta duintasunean dautza”. Nolabait, eztabaida bere esparrura eraman nahi izateak eragin zuen gainerako gaietatik kanpo geratzea eta beste hautagai batzuek bere posizioa kritikatzea. Esaterako, deigarria izan zen Domenechekin izandako iritzi trukea. Domenechek: “Ezin zara etorri esatera hau bakarrik presidentearen berrazartzeari buruzko eztabaida dela, bestela ez dakit zer egiten dugun hemen”. Turullek ihardetsi: “Ez dut imajinatzen PSUC pantanoez eztabaidatzen 1970ean”. Domenech, gogorrago: “Ez, baina bai genero indarkeriaz etab. Jende horretaz ahaztu zara”. Eta, aurrerago, Turullek: “Borren eta hautetsontzien arteko distantziakidetasuna larria iruditzen zait”.

Rovira, gobernu ordezkari

ERC eta Ciutadansen arteko lehia iragarri dute inkestek bihar lehen indarra izateko. Testuinguru horretan, eta Oriol Junqueras hautagaia preso dagoelarik, Marta Rovira alderdiko idazkari nagusiak hartu behar zituen zerrendaburuaren erreferentzialtasuna. La Sextan Ines Arrimadasekin izandako aurrez aurrekoan irudi kaskarra emanda, Carles Mundok ordezkatu izan du Rovira eztabaida gehienetan. Atzo, ordea, sendo agertu zen Rovira, bere diskurtsoan uztartuta Espainiako botere exekutiboaren eta judizialaren jarduna eta Generalitateak azken bi urteotan, prozesu subiranistaz harago, hartutako neurriak. Horren erakusle, Garcia Albiolekin izandako solasaldi bat. “Esan prozesuaren neurri bat, herritarrei mesede egin diena”, bota zion erronka Albiolek, eta Rovirak arrapostu eman: “Zuek zarete monotemarenak. Itxaron zerrendak %24 murriztu dira. Aurrekontuak superabitarekin dauzkagu”. Lehentasunak ezartzerakoan ere, “155a eta bere ondorioak gelditzea” aipatu zuen, “blokeatu diren zenbait alor desblokeatzeko eta desberdintasun sozialen aurka egiten jarraitzeko”.

Arrimadas, “matrix errepublikaren” aurkari.

Aldaketaren mezua zabaldu du kanpainan zehar Ines Arrimadas Ciutadanseko presidentegaiak, eta eztabaidan ere ildo beretik jo zuen, aginduta bere alderdiak “aro berri bat” zabaltzea duela helburu: “Indar konstituzionalista bakarra gara irabaz diezaiokeena ezkerrari eta Puigdemonti”. Aldarrikatutako errepublikaren hutsaltasuna azpimarratu zuen etengabe, “matrix errepublika” esateraino, eta horrekin egin zien eraso arerio politikoei: “Marta [Rovira], barkamena eskatu behar duzu. Ez gara errepublika batean bizi”. Hala ere, gertatutakoaren erantzukizunaren parte bat Espainiako Gobernuari egotzi zion: “Honek eta beste batzuek, errealitateari aurre ez egiteagatik. Irtenbidea ez da immobilismoa, erreformismoa baizik”. Berradiskidetzera eta “amesgaiztoa” atzera uztera deitu zuen.

Iceta, bakegile.

Apal agertu zen PSCko zerrendaburu Miquel Iceta; apenas izan zuen eztabaida sutsurik gainerako hautagaiekin, eta alderdiaren bandera bihurtu den mezua eraman nahi izan zuen TV3era: kataluniarren berradiskidetzea. Leun aritu zen, eta lehentasunekotzat jo zuen, presidentetzara iritsiz gero, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari aurkeztutako 45 eskaerak negoziatzea, “erreferenduma kenduta”. Horiek horrela, bere proposamenak dira “norabidea aldatzea, politika sozialak sustatzea, ziurgabetasuna amaitzea, egungo estatutua garatzea eta finantziazio eredu berri bat izatea”.

Domenech, independentisten zartailu.

Gai sozialak eta independentismoarekiko kritika uztartu zituen eztabaidan zehar Xavier Domenech Catalunya en Comu Podemeko hautagaiak, betiere, 155. artikulua onartu zuen bloketik urrunduta. Haren botoak ez daude zuzenean lehian Junts Per Catalunyarekin, baina Domenech Turullekin aritu zen bereziki gogor; estu hartu zuen behin baino gehiagotan prozesu subiranistaren garapenagatik: -“Prozesuak gehiago du alderditik eta gutxiago herrialdetik”, “ametsak errealitate printzipiotik eraikitzen dira. Eta ez da aurrerapauso bakar bat ere egin”...-. Amaieran, “New deal bat” eskatu zuen Kataluniarentzat: “Akordio sozial ekonomiko eta nazional berri bat”.

Albiol, kamikaze.

Ia dena galduta du PPk etziko hauteskundeetan, emaitza kaskarrak iragartzen ari baitira inkestak Xavier Garcia Albiolentzat. Hori horrela, lehen minututik erasora jo zuen; hasteko, Vicent Sanchis TV3eko zuzendari eta atzoko saioko aurkezlearen aurka. Gaztelaniaz egin zituen lehen hitzak -hura izan zen bakarra-, baina eztabaida osoan aritu zen katalanez. Espero zitekeenez, indar independentistak izan zituen jomugan, horien eta herritarren interesak ezberdinak direla azpimarratuta: “Katalanen kezka dira osasuna, hezkuntza, langabezia. Oso ondo iruditzen zait zuek aipatutakoak, zilegi dira, baina guretzat, lehentasuna da erantzukizun ekintza bat egitea, eta alor horietan ados jartzea”.

Riera, programatiko.

Aldarrikatutako errepublika mamitzea da CUPen asmoa, eta hori gizarteratzea izan zen Carles Riera presidentegaiaren zeregina eztabaidan. “Eskubide zibil, sozial, politiko eta demokratikoetan aurrerapausoa emango duen errepublika berreskuratzea” da CUPen lehentasuna, haren hitzetan. 22tik aurrera “gehiengo errepublikarra eta ezkerrekoa” osatu nahi du, eta, hain justu ere, horretarako aliatu izan daitekeen alderdietako batekin izan zituen eztabaidak Rierak: “errealismo” ariketa bat eskatu zion Domenechek independentismoari, eta Rierak hari erantzun: “Aldaketa ez da posible marko estatutario batean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.