ERCk "zeharkako gobernua" eratu nahi du, Puigdemonten itzulera helburu hartuta

ERCk onartu egin du hauteskunde emaitzek zenbait muga ezarri dizkiotela kanpaina hasieran zituen asmoei, indar independentista bozkatuena Junts per Catalunya izan baita. Emaitzak aintzat hartuta, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak jakinarazi du Carles Puigdemont presidente izendatzearen alde egingo duela bere alderdiak.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia gaur eskaini duen prentsaurrekoan. TONI ALBIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 22a
15:47
Entzun

"Ez dugu alternatibarik aztertzen. Herritarrek erabaki dutenarekiko leial jokatuko dugu". Rovirak ziurtatu du bere alderdiak "gobernu zilegia itzultzeko" jardungo duela.

Hala ere, Generalitatea lehenbailehen osatzeko beharraz mintzatu da Rovira, "155aren ondorio negargarriak" ahalik eta azkarren bertan behera uzteko. Haren esanetan, "zeharkako gobernua" osatzea da helbururik garrantzitsuena. "Gobernu sendoa behar dugu, pertsonalismoetatik harago".

Espainiako Gobernuari hauteskundeetako emaitzak errespetatu ditzala galdegin dio Rovirak, eta Puigdemontek itzuli ahal izateko baldintza demokratikoak bermatzera dei egin dio. Baldintza horiek lirateke Generalitatearen finantzetan esku hartzeari uztea, 155 artikuluaren ezarpena etetea eta Rajoyk "preso politikoak" askatzeko eta "erbestean diren gobernuko kideak" itzultzeko "bere esku dagoen guztia"  egitea.

CUP "kontzentrazio gobernua" eratzeko prest

ERCren proposamenari heldu dio CUPek berehala. Carles Riera alderdiko zerrendaburuak adierazi du CUP prest legokeela "kontzentrazio gobernu" batean parte hartzeko, baldin eta Generalitate horrek Kataluniako Errepublika garatu eta gizarte kohesioa indartzeko konpromisoak hartuko balitu. "Posiblea bada eta programa hori onartzen bada, gu ez ginateke inbestidura babestera mugatuko"; horrez gain, gobernuan parte hartzeko gertu leudekela adierazi du.

Rierak ohartarazi du independentismoak haren kontrako auzi judizialei "batasunez" erantzun beharko diela. "Kontua errepublika egitea da, eta estatuaren aurrean errepublikaren proiektuari eustea".

CUPeko zerrendaburu eta diputatu hautatuak onartu du CUPek parlamentuan izan dezakeen eragina txikitu egin dela, baina "erabakigarriak" izaten jarraitzen dutela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.