Katalunia

Puigdemont presidente izendatzea galdegin du ANCk, "gatazka nazioartekotzeko"

Jordi Sanchez (JxC) presidente inbestitzeko hautagai izendatu du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak, eta inbestidura saioa aste honetarako deituko duela iragarri du.

Elisenda Paluzie ANCko presidentea, martxoaren 24an, elkarteko zuzendaritzarako hauteskundeak irabazi ostean. MARTA PEREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 9a
13:48
Entzun

ANC Biltzar Nazional Katalana Carles Puigdemont Kataluniako presidente izendatzearen alde agertu da berriz ere. Torrentek Sanchez hautagai proposatuko duela jakinarazi eta ordu gutxira berretsi du bere jarrera, ohar bidez. "Izendapen hori da gure auzia nazioartean hoberen zabalduko duena eta hautesle independentisten sentimendua islatzen duena", adierazi du elkarteak.

Sanchezen inbestidura bultzatzea "ulertzen" duela azaldu du ANCk, Espainiako erakundeek oinarrizko eskubideak urratzen dituztela salatzeko baliagarria izan daitekeela iritzita. Aldiz, nabarmendu duenez, "estrategia juridikoaz gain, oinarrizkoa da eraso demokratikoari erantzun politikoa ematea".

Erantzun horrek ardatz izan behar du "printzipio demokratikoarekiko eta herri katalanaren subiranotasunarekiko errespetua". Horrenbestez, ANCren esanetan, egoerak derrigorrean eskatzen du Puigdemont presidente izendatzea.

Torrentek Sanchez proposatu du Generalitateko presidente izendatzeko hautagai, parlamentuko taldeetako ordezkariekin erronda egin ostean. Inbestidura saiora aste honetarako deituko duela iragarri du.

Diru publikoaren erabilera bidegabea ere, zalantzan

Alemaniako Justiziak joan den astean ebatzi zuen Puigdemont ezin dela Espainiara estraditatua izan matxinada delituarengatik, presidente kargugabetuari indarkeria leporatzeko oinarri nahikorik ez dela iritzita. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak erabakiaren berri emateko argitaratu zuen testuan, Espainiaren eskariari gabezia gehiago ikusten dizkiola argitaratu dute gaur Kataluniako hainbat hedabidek. Azaldu dutenez, epaileak zalantzan jarri du Puigdemonti diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzeko funtsik ba ote den ere, eta informazio gehiago eskatu dio Espainiako Auzitegi Gorenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.