Kolonbia

Kolonbiak Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohia atxilotu du

Santrich AEBetara estraditatuko dutela adierazi du Juan Manuel Santos presidenteak, hari leporatzen zaizkion narkotrafiko delituak epaitegietan frogatzen badira. FARCek "azpijoko judiziala" salatu du.

'Jesus Santrich' FARC talde armatu ohiko buruzagi izandakoa, artxiboko irudi batean. LEONARDO MUñOZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 10a
12:53
Entzun

Kolonbiako segurtasun indarrek Seusis Hernandez —Jesus Santrich izenez ezaguna— atxilotu dute, eta hura AEBetara estraditatzeko prestasuna agertu du Kolonbiako Gobernuak. Santosen esanetan, estraditazio prozesua abian jarriko da, Santrichi leporatzen zaizkion drogra trafikoko delituak frogatzen badira. "Nazioko fiskal nagusiak jakinarazi dit, ikerketa sakonen ondorioz, Seusis Hernandez jaunaren kontrako froga eztabaidaezinak dituela, akordioaren sinaduraren ondorengo narkotrafiko delituei lotuta".

FARCek gaitzetsi egin du Santrichen atxiloketa, eta "azpijokoa" dela ziurtatu du. FARCen esanetan, haren buruzagi ohiaren atxiloketa Kolonbiako bake prozesuaren kontrako erasoa da.

Gobernuak eta FARCek 2016ko azaroan sinatu zuten bake akordioak talde armatu ohiko kideen estradizio aukera jasotzen du, baldin eta akordioren ostean delituak egin dituztela frogatzen bada. Akordioaren puntu hori ekarri du gogora Santosek, Santrichen kotrako "froga eztabaidaezinak" baldin badaude, hura estraditatzeko baimena emango duela iragarri duenean.

Santrichi eta beste hiru laguni 10 tona kokaina AEBetara bidaltzea leporatzen die New York hegoaldeko distrituko epaitegi batek. Akusazioak jasotzen dituen gertaerak 2017ko ekainaren eta 2018 apirilaren artekoak dira, eta, beraz, delituak frogatuko balira, bake akordioaren ondoren eginikoak lirateke. "Atxilotuek bake akordioaren balioak eta printzipioak urratu dituzte", adierazi du Kolonbiako fiskal nagusiak.

FARCek, ordea, Santrich errugabe dela esan du. Hala ohartarazi du Ivan Marquez FARCeko buruak: "Bake prozesuaren orain arteko unerik latzena da. Gobernuak esku hartu beharra dauka azpijoko juridiko horrek gerrillariengan mesfindantza eragin ez dezan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.