Ekonomia

Krisia amaitutzat jo du Europako Batzordeak

Urte hasierako motelaldia negu hotzari egotzi dio Bruselak, eta ekonomia berriro bizkortzea espero du.

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa
Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa Stephanie Lecocq / EFE

Iker Aranburu -

2018ko maiatzak 3

Mezu positiboak zabaldu ditu Europako Batzordeak bere udaberriko aurreikuspenetan. "Ekonomia sasoi onean dago", Pierre Moscovici Ekonomia komisarioaren arabera. 2017 "azken hamar urteetako onena" izan zen: %2,4 hazi zen ekonomia, eta Europako Batasuneko 28 herrialdeek hazkunde tasa positiboak izan zituzten.

2018. urtea ere bide horretatik joango dela espero du (%2,3), nahiz eta urteko lehen hiruhilekoan hazkundea moteldu egin den. Maila horretatik gora egongo dira Herbehereak (%3) eta Espainia (%2,9), maila horretan Alemania (%2,3), eta beherago Frantzia (%2), Italia eta Erresuma Batua (%1,5).

Langabezia 2008ko abenduko mailara jaitsi da eurogunean, eta hurrengo hilabeteetan gehiago jaitsiko dela iragarri du Moscovicik. Agian erritmo txikiagoan jaitsiko da, herrialde batzuetan langabezia maila teknikoan dagoelako jada. "Inoiz ez da hainbeste jende lanean egon", gaineratu du komisarioak, onartu arren herrialde askotan langabezia oraindik "handiegia" dela.

Hazkundearen eskutik, kontu publikoak txukuntzen ari dira herrialde guztiak. "Historikoa da. 1999an diru batasuna indarrean jarri zenetik euroguneko kide guztiek %3tik beherako defizita izango dute 2018an", azaldu du Moscovicik. Espainia izan zen salbuespena iaz, baina aurten %3,1etik %2,6ra jaitsi beharko lukeela uste du Batzordeak, Madrilek kalkulatutakoa baino lau hamarren gehiago. Eurogune osoan %0,8ko defizita izango da aurten, eta zortzi estatuk superabita izango dute beren kontuetan.

Zorra ere behera doa. Aurten BPGaren %84ra iritsi beharko luke, 2014an goia jo zuenean baino hamar puntu gutxiago.

Arriskuak Trump du izena

Aldagai horiek guztiekin, Moscovici ausartu da esatera EBk eta euroguneak "krisiaren orria pasatu" dutela. Edonola ere, ohartarazi du ez dela garaia "sofan eseri eta erlaxatzeko". Ekonomiak okertzera jotzeko arriskuak handitu egin direla uste du komisarioak. Kanpotik datoz arrisku horiek, eta izen propio bat daukate: Donald Trump. AEBetako presidenteak bultzatutako zerga jaitsierak "epe motzeko" hazkundea bultzatuko du, baina ekonomia gehiegi berotu eta desorekak azalaraz ditzake. Bestetik, Trumpen protekzionismoa merkataritza gerra eragin dezake.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: