EUSKARA

Manifestaziora deitu dute Nafarroako hizkuntza politikaren aurka

Euskara “lan baimen edo ezinbesteko baldintza” bihurtu izana salatuko dute, eta hori “diskriminazioa” dela erdaldunentzat. Ekainaren 2an izango da manifestazioa, Iruñean.

Iaz banderen harira egindako manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 4a
14:58
Entzun

Iaz ikurrinaren aurka egindako manifestazioaren deitzaileek egin dute deialdia. Diario de Navarra egunkarian argitaratutako gutun baten bidez eman dute manifestazioaren berri. Berdintasunezko etorkizun baten alde goiburua jarri diote.

Lau lagunek sinatu dute artikulua: Doble12 kultur elkarteko kide Fernando Arangurenek, Vecinos de Paz plataformako kide Maribel Valsek, Desolvidar blogaren arduradun Patxi Mendiburuk eta Pepe Alfaro idazleak.

Manifestazioaren oinarri nagusia izango da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak “diskriminatu” egiten dituela Nafarroako herritar gehienak. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna hartu dute argudio gisa, esanez “proportzionaltasunez” bultzatu behar dela euskara eta ezin dela inor “diskriminatu” hizkuntzagatik. “Ez gaude prest onartzeko ezen batez ere gaztelaniaduna den gizarte honetan euskara lan baimen bihur dadin, edo ezinbesteko baldintza laguntza publikoak aukera berdintasunez eskuratzeko”. Manifestazioa “adiskidetasunaren, errespetuaren, eskubide berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren” aldekoa izango da, deitzaileen arabera. Bidenabar, nabarmendu dute ez dutela “inolako fobiarik” euskararekin —vascuence hitza erabili dute—. “Zinez uste dugu gure kulturaren zati dela. Ez genuke onartuko euskal hiztunek diskriminaziorik jasaterik legean, lanean edo gizartean”.

Ekainaren 2an egingo dute manifestazioa, larunbatarekin. 18:00etan abiatuko da, Nafarroako Parlamentuaren aurretik.

Iaz banderen harira deitutako manifestazioa ere talde horrek antolatu zuen, baina nabarmena izan zen oposizioko taldeen babesa —UPNk, adibidez, doako autobusak jarri zituen—, eta eskuin muturreko taldeek ere bat egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.