ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Nerea Ibartzabalen poema da hau:
Harri-orri-ar: Ukabila.     Ukabila.
Harri-orri-ar: Esku irekia.     Ukabila.
Harri-orri-ar: Orratzak azazkal azpian.     Eskuak buru atzean.
Harri-orri-ar: Esku zikin bat.     Zikindu nahi ez duen eskua, ez garbia derrigorrez.
Harri-orri-ar: Bigarren harria bota duen eskua.     Errepidean geratu zaituena.
Harri-orri-ar: Pankartari eusten dion eskua.     Izarak plantxatzen ari dena alabari eramateko.
Harri-orri-ar: Giltzapetu zaitzakeen eskua.     Egunkariko orriak beldurrez pasatzen dituena.
Harri-orri-ar: Aurpegira eramandako eskuak.     Esku bat agur esaten urrutitik.
Harri-orri-ar: Behatz akusatzaile bat.     Esku bat autoko leihotik olatuak egiten haizearekin.
Harri-orri-ar: Esku bat egun hartatik pasatako urteak zenbatzen.     Oraindik gutunak idazten dituen esku bat.
Harri-orri-ar: Galdutako eskua.         Erdiko behatz bat, altxatuta.
Harri-orri-ar: Esku bi txaloka diskurtso baten amaieran.     Esku bi belarriak estaltzen.
Harri-orri-ar: Esku bat lurpean.         Eskua horman argazki bat jartzen.
Harri-orri-ar: Galderak egiten dituzten ikasleen eskuak.         Boterearen atzaparrak.  
Harri-orri-ar: Esku bat hormatik argazkia kentzen.     Loreak dakartzan eskua.
Harri-orri-ar: Luzatutako eskua.         Luzatu gabeko eskua.
Harri-orri-ar: Eskuak.         Artaziak.
Hari hori har.