Bukaera sortzen

Biolentziaren jatorria

Herria aldizkarian argitaratu zuen lehen poema, 1974an, eta, harrezkeroztik, genero ugari landu ditu: nobela (Bakean ützi arte, %100 basque), narrazioa (Zeruetako erresuma), antzerkia (Odolak su gabe diraki), poesia (Bizitza nola badoan, Zure hatzaren ez galtzeko). Amaia Ezpeldoi detektibearen sortzailea da.

Itxaro Borda
2018ko maiatzaren 12a
07:40
Entzun

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Itxaro Bordaren testua da hau:

Arma horrek zure hitza
Ordezkatuko du.
Nobodyk William Blacke handiari
Jarmushen Dead Man filman.

Maiatzaren bost hartan, eguerdi aldera, aperitifaren tenorea zen Baionan. Eguzki ahulak berotzen zituen Mosoletako harresiak. Pertsona bi, parez par zeuden ostatuan, aspaldiko partez. Hamarkadak harilkatu zituzten elkarri aiher, engoitik ulertzen ez zuten funts batengatik: ETA eta IK erakunde armatuek iparraldeko sozietatea, xerra itsuetan ebaki zuten eta bi banda terroristek amore emanagatik lubakiek zirauten. Hala ere, borroka horien aldekoek arrazoia zuten: Baiona Txikia, euskaldun suharren odolez itoa zen. Bala galduen eta odol tatxen aztarnak susmatzen ahal ziren oraindik.

Tabernaria hurbildu zitzaien eta bietako batek whiski basotara handia manatu zion, besteak berdin egiten zuela:

—Zer dugu galtzeko? Lasai mintza gaitezke. Ez nauzu jujatuko. Ez zaitut epaituko eta ez ditugu gehiago bizitzak ele malerus batengatik lanjerrean jarriko. Euskaldunon minak sendatzeko bidean sartuko dira eta menturaz mendeak beharko dira gure zaurien ixteko!

—Lan hori berehala betetzea tokatzen zaigu, bestela nonbaitik sua berriz piztuko da. Txin-txin! Gauza diren bezala ikusten hasi gaitezen, gertakariei izen faltsurik eman gabe, jakinez, adibidez, alde biko bake prozesurik ez dela izan, hitzak trakestu baizik ez direla batzuen koldarkeriaren altzoan alegiazko kuraia etzanez eta garaipen estrategikoaren partez Canossaren antzeko zerbait agitu zela Kanbon. Edan dezagun edan! Gainerakoa gezurra da.

—Urrunxko bazoaz horretan laguna! Hala deitzen ahal zaitut? Zu beti kontra egon zara, irabazi duzula uste duzu? Txin-txin!

—Ez naiz beti kontra izan. Laurogeiko hamarkadan alde-alde ez nintzen arren, ez nituen borroka armatuak eragin hilketak kritikatzen eta salatzen. Isiltasun dorpe batek buru-muinak urratzen zizkidan eta “disoziazioaren” egiteko unea nahikoa gogorra izan zitzaidala gogoratzen naiz. Uste dut sineste letal haiengandik urrutiratzeko dolua negarretan ekin nuela!!!

Kopeta apal zetxikan batek, besteak ostatuko jabeari basoak berriz arrada betetzeko manua hel arazten zioen bitartean. Hurrupa sakon eta luzearen ondotik aditzaren haguna isuri zitzaion ezpainetan behera:

—Ene galdera beti honakoa da: nola irentsi genuen erakunde armatuaren biolentziaren justifikazio etikoari buruzko doxa likitsa? Iparraldeko abertzaleak alta ez ziren indarraren erabiltzeko prest. Errefuxiatu ideologizatu eta teorizatzaile bizardunen lana eraginkorra suertatu zitekeen. Noiz gertatu zen itzuli-mitzulia? Bat batean bizpahiru batasun militar militanteekin aurkitu ginen, horien artean hautatu behar gainera. Pentsa ezazu, zure osagarrira!, herriko apezek ere baieztatzen zutela ETAren bide hiltzailea, etsai izendatzen zituzten polizia, guardia zibil, kazetari, politikari eta barne kideen kalitzeko orduan! Lagun protsimoaren amodioaren izenean ote?

-Erantzunik ez du zure eskakizunak!

-Bai, baduela eta garaiz formulatzen badugu anitzez hobe. Beldurrak eta intimidazioak funtzionatu zuen euskaltzaleon zirkuluetan, urguiluak eta nolabaiteko inpunitate sentimendu euforikoak halaber. Negargarriak izan gara afera honetan eta erailketek iraun baldin bazuten gure isiltasun konplizeari, ados ala ez, esker izan dela onartzekoa dugu!

Basoak banpez hustu zituzten. Zainetan. Arnaga biharamuna alaiagoa irudikatua zuten, baina alderantziz zen, galderak, dudak eta damuak pizten zihoazkien.
Arintasun larrutu bat ere, txin-txin, solasaren haria ez zelako egundainokoan hautsiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.