'Noos auzia'

Espainiako Auzitegi Gorenak ia sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Urdangarini

Auzitegi Gorenak frogatutzat jo du Urdangarinek Errege Etxeko kide izatearen baldintzaz "abusatu" zuela Balearretako Gobernuari kontratu publikoak eta "tratu pribilegiatua" eskatzeko. Bost hilabete murriztu dio zigorra. Cristina Borboikoari ere zigorra apaldu dio eta 128.000 euro ordaindu beharko ditu.

Iñaki Urdangarin Palmako duke ohi eta Felipe Borboikoa Espainiako erregearen koinatua, Palmako Auzitegitik irteten, joan den otsailean. /
Iñaki Urdangarin Palmako duke ohi eta Felipe Borboikoa Espainiako erregearen koinatua, Palmako Auzitegitik irteten, joan den otsailean. / Ballesteros/EFE

Berria -

2018ko ekainak 12

Iñaki Urdangarin Palmako duke ohiak espetxera joan behar duela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Noos auziko epaian, zerga delituak, prebarikazioa, iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea eta influentzia trafikoa leporatuta. Balearretako Probintza Auzitegiak gauzatu beharko du sententzia, eta biharko deitu ditu zigortuak. Egun batzutako epea emango die, borondate propioz espetxean sartzeko. Hala egingo balu, zein espetxetara joan erabaki ahalko du Urdangarinek.

Hala ere, epaiari babes helegitea jartzeko aukera du oraindik duke ohiak. Auzitegi Konstituzionalera jo beharko du horretarako. Azken baliabide gisa, Espainiako Gobernuari indultua eskatzeko aukera ere izango du.

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Palmako Auzitegiak Urdangarini egotzitako delitu zerrenda, ia bere osotasunean. Gorenak, baina, bost hilabetetan murriztu dio zigorra Felipe Borboikoa Espainiako erregearen koinatuari.

Cristina Borboikoa Urdangarinen emazte eta Felipe Borboikoaren alabari ere zigorra apaldu dio Gorenak. 265.000 euro ordaindu beharrean, 128.000 euro itzuli beharko ditu, leporatzen dion ardura zibilarengatik. Gorenaren iritziz, Cristina Borboikoari ezin zaizkio Urdangarinen delitu fiskalak leporatu.

Urdangarini ezarri dio Gorenak zigorrik altuena. Negoziotarako bere kide Diego Torresi ezarri diona baino zigor gogorragoa egokitu dio. Torresek bost urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra jaso du. Haren emazte Ana Maria Tejerok, aldiz, 172.000 euro ordaindu beharko ditu.

Zigortuen artean da Jaume Matas Balearretako (Herrialde Katalanak) presidente ohia ere. Hiru urte eta zortzi hilabetetako kartzelaldia ezarri dio. Horrez gain, errudun jo ditu Jose Luis Ballester Balearretako Kirol zuzendari ohia, Gonzalo Bernal Illesporteko kudeatzaile ohia, Migel Angel Bonet Ibaturreko idazkari ohia. Urtebete eta hamabost hilabete arteko espetxealdiarekin zigortu ditu horiek.

Epaileek frogatutzat jo dute Balearretako gobernuak hainbat kontratu publiko esleitu zizkiola Urdangarinen Noos insitutuari, hura Errege Etxeko kidea zelako. Kontratu horiek 2,3 milioi euroko balioa dute. Gorenak adierazi du Urdangarinek bere "posizioaz abusatu" egin zuela "era inplizitu baina ulergarrian" kontratu publikoak eskatzeko eta "tratu pribilegiatua" jasotzeko.