HEZKUNTZA

Urte hasieran jaiotakoek emaitza hobeak lortzen dituzte hezkuntzan

Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu Jaurlaritzak. Gorabehera txikiak ageri dira ikasgaietan. Azterketa zeharkakoa eginda, desberdintasun sozialen eragina nabarmena da.

Lehen Hezkuntzan eta DBHn egin dute ebaluazioa.
Lehen Hezkuntzan eta DBHn egin dute ebaluazioa. Toni Garriga/EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko ekainak 27

Eusko Jaurlaritzak bi urtean behin egiten du ebaluazio diagnostikoa, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen bitartez. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarren mailan egiten dute ebaluazioa, eta ikasle guztiek parte hartzen dute. Bost alor aztertu dituzte: matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa.

Aurreko ebaluazio diagnostikoak, 2015ekoak, jaitsierak erakutsi zituen. 2017koak ez du gorabehera handiegirik agertu: Lehen Hezkuntzan jaitsi egin dira zerbait, eta DBHn, zerbait igo.

ISEIk, nolanahi ere, emaitzetatik haragoko azterketa egin du, eta zeharkako datu ugari lortu ditu. Hona hemen ikerketaren ondorio nagusi batzuk:

1. ISEK indizea. Indize sozioekonomiko eta kulturalak eragin handia du eskolako emaitzetan: gurasoen ikasketa maila, lanbidea... Zenbat eta indize altuagoa, emaitza hobeak. Indizea nabarmen da handiagoa itunpeko sarean. Hala ere, ikusi dute ikastetxe batzuk gai direla ISEK indize baxua izanda ere emaitza onak lortzeko.

2. Ekitatea. Ikaslearen maila sozioekonomikoak zuzeneko eragina dauka emaitzetan: maila sozioekonomiko baxuko ikasleen laurdenak gutxieneko mailan daude (%26); maila altukoetan, hamarretik bat ere ez (%7). Hala ere, ikerketaren arabera, «oso ekitatiboa» da hezkuntza sistema, emaitzetan dagoen aldeari begiratuta.

3. Migratzaileak. Nabarmena da aldea migratzaileen seme-alaben eta bertan jaiotakoen artean. Ikasgai guztietan dago aldea: emaitza eskasagoak dituzte migratzaileen umeek. Hala ere, aldea jaisten ari da. Aldagai sozioekonomikoak du pisua: migratzaileen umeetan, lautik hiru ISEK txikienean daude; bertakoetan, bostetik bat.

4. Ingelesa eskolaz kanpo. Ingelesa eskolatik kanpo ikasten dutenek nabarmen maila hobea dute ingelesean. Gero eta ikasle gehiago joaten dira ingeles eskoletara: erdiak baino gehiago jada. Maila sozioekonomiko guztietan igo da joera, baina maila sozioekonomiko altukoak eta eskola pribatukoak gehiago joaten dira.

5. Sexua. Emakumeen emaitzak hobeak dira gizonenak baino ikasgai ia guztietan. Bakarra da salbuespena: Matematikan gizonen emaitzak hobeak dira. Ez da azken ebaluazio diagnostikoan soilik azaldu joera hori: emakumeen emaitzak hobeak izan dira aurrekoetan ere. Are, azken ikerketetan handitzen ari da aldea.

6. Jaiotza hilabetea. Ikerketa ugari ari dira ohartarazten umea jaio zen hilabeteak baduela eragina: urte hasieran jaiotakoek emaitza hobeak dituzte. Hori berretsi du ISEIren ikerketak. Lehen Hezkuntzan da nabarmenagoa jaiotza hilabetearen eragina; Bigarren Hezkuntzan txikiagoa da, baina artean ere nabari da eragina.

7. Errepikatzaileak. Gero eta ikerketa gehiagok jartzen dute dudan ikasturtea errepikatzea eraginkorra dela. Kopuru esanguratsua da errepikatzaileena: LHko laugarren mailarako, hamarretik bat; DBHko bigarren mailarako, bostetik bat. Errepikatzaileen emaitzak eskasagoak dira. ISEK apalarekin, errepikatzaile gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna