autogobernua

Estatus berrirako oinarriak ezarri ditu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak

Eskubideei, nazioarteko harremanei eta xedapenei buruzko atalak falta ziren adosteko; EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek adostu dute eskubideen atala, eta EAJk eta EH Bilduk gainerakoak.

Maddalen Iriarte, aurrean Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate dituela. FOKU
jon olano
2018ko uztailaren 6a
09:35
Entzun

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren oinarriak eztabaidatzen amaitu du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak. Hiru atal falta ziren eztabaida ixteko, eta gaurko bileran adostu dituzte.

Eskubideei buruzko atalean, orain arteko akordio zabalena lortu dute taldeek, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek hitzartu baitute testua. Nazioarteko harremanen alorrean eta xedapenetan, EAJ eta EH Bildu etorri dira bat. Atzo, PSE-EEk boto partikularra aurkeztu zuen atal guztien inguruan.

Orain, oinarriei forma eman beharko die aditu talde batek. Irailaren 7rako, talde bakoitzak aditu bana izendatu beharko du batzorde hori osatzeko, eta, legebiltzarreko iturrien arabera, enkargua "argia" da: adostutako oinarriei testu artikulatuaren itxura ematea.

Lantaldea eratu zenetik mahai gainean egon da galdeketa "gaitzaile" bat egiteko aukera; alegia, Eusko Legebiltzarrak estatutua onartzean, eta Espainiako Gorteetara bidali aurretik, herritarrek kontsulta batean testua berrestea edo baztertzea. Adostu dituzten oinarrietan jasotzen da aukera hori, baina etorkizuneko erreformetarako; prozesu honetan galdeketa hori egiteko, eztabaidatzen jarraitu beharko dute taldeek.

"Kale itsua" PPrentzat

Fase "emankorra eta positiboa" izan dela adierazi du Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak. Bileraren ondoren eginiko agerraldian, PSE-EEren jarrera deitoratu du Egibarrek; azaldu duenez, PSEk oinarriei buruzko akordioen "aniztasuna" kritikatu izan du, baina atzo, eskubideen atalaz negoziatzen ari ziren unean, testu osoari boto partikularra aurkeztu zion PSEk. "Partekatzen dut akordioen beharra, baina akordioetarako ere zaletasun bat azaldu behar da", gaineratu duenez.

Akordioa "ona" dela uste du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak: "Oinarriak ipini ditugu autonomismoaren garaia amaitutzat emateko eta herri hau burujabetzaren bidean jartzeko. EH Bilduren jatorrizko proposamena ondo islatzen da akordio honetan elementu nagusietan".

Eskubideen atalean lortutako akordioa balioetsi du, berriz, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea: "Emakumeen eskubideen eta sozialen akordioaren %90ak Elkarrekin Podemosen zigilua darama. Akordioak emakumeentzako indarkeriarik gabeko bizitza, etxebizitza, politika publikoak, hezkuntza, osasun publikoa, enplegu duina eta adinekoen eskubideak ditu hizpide".

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak kritika egin dio lantaldearen lan metodologiari, eta azpimarratu du "adostasun zabalak" bilatzen saiatu dela PSE. Gogorarazi duenez, lantaldea osatzeko legez besteko proposamenean jaso zen estatutua erreformatzeko bidea "marko juridikoaren barruan" egin beharra zegoela, eta erantsi du onartutako oinarriek ez dutela "segurtasun juridikorik".

Bilera osteko agerraldian, haserre agertu da Borja Senper PPko legebiltzarkidea: "Irtenbide juridikorik gabeko kale itsu batean gaude, eta, beldur naiz baita irtenbide politiko eta sozialik gabekoan ere ez gauden. Ea gai garen zentzugabekeria hau zuzentzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.