1978ko Sanferminetako gertaerak

Deklaratzera deitu dituzte pankartak jartzeagatik

1978ko sanferminetako gertaerak salatzeko Iruñeko hainbat etxetako balkoietan jarri dituzte afixak. Espainiako Poliziak egin du salaketa, "estatua iraintzeagatik".

1978ko gertaerak gogoratzeko, ekainaren 29an jarritako eskultura
1978ko gertaerak gogoratzeko, ekainaren 29an jarritako eskultura / Idoia Zabaleta (Foku)

Berria -

2018ko uztailak 13

Sanfermines 78 Gogoan plataformak jakitera eman duenez, Espainiako Poliziak hainbat pertsona deitu ditu deklaratzera, euren etxeetako balkoi eta leihoetan 1978ko sanferminetako gertaerak salatzen dituzten pankartak jartzeagatik. Poliziak Iruñean duen egoitzara joan beharko dute azalpenak ematera.

Pertsona horiek jaso dituzten zitazioetan aipatzen denez, "Espainiako Estatua iraintzea" leporatzen diete. Elkartetik jakinarazi dutenez, urtarrilean abiatu zuten kanpaina baten parte dira pankarta horiek eta orain arte ez dute halako deirik jaso.

Uste dute adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat dela salaketa, eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari berriaren (PSOEkoa) jarrera salatu dute, haren ardurapean baitaude poliziak. Nafarroako eragileak deitu dituzte salaketarekin bat egin dezaten eta zitazioen artxiboa eska dezaten. Elkarteak jakinarazi du datorren astean emango dituela azalpen gehiago gertatutakoaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna