Sanfermines 78 Gogoan plataformak jakitera eman duenez, Espainiako Poliziak hainbat pertsona deitu ditu deklaratzera, euren etxeetako balkoi eta leihoetan 1978ko sanferminetako gertaerak salatzen dituzten pankartak jartzeagatik. Poliziak Iruñean duen egoitzara joan beharko dute azalpenak ematera.
Pertsona horiek jaso dituzten zitazioetan aipatzen denez, "Espainiako Estatua iraintzea" leporatzen diete. Elkartetik jakinarazi dutenez, urtarrilean abiatu zuten kanpaina baten parte dira pankarta horiek eta orain arte ez dute halako deirik jaso.
Uste dute adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat dela salaketa, eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari berriaren (PSOEkoa) jarrera salatu dute, haren ardurapean baitaude poliziak. Nafarroako eragileak deitu dituzte salaketarekin bat egin dezaten eta zitazioen artxiboa eska dezaten. Elkarteak jakinarazi du datorren astean emango dituela azalpen gehiago gertatutakoaz.