Hondakinen kudeaketa

Jaurlaritzak eta aldundiek 2030erako hondakinen %70 birziklatzea jarri dute helburu

Birziklapenean jaioak gara kanpaina atera dute erakundeek, "herritarrak kontzientziatzeko" helburuarekin.

'Birziklapenean jaioak gara' kanpainaren aurkezpena. IREKIA
2018ko uztailaren 24a
18:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 2030. urterako Europako Batasunak zehaztutako birziklatze eta hondakin kopuruak bete nahi dituzte. Horretarako, hondakinen %70 eta ontzien %60 birziklatzea jarri dute helburu. Tasa horiek, ingurumenean eta airearen kalitatean eragiteaz gain, azaldu dute enpleguaren sorreran eragina izango dutela: "Hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sektorean 5.700 pertsonak egiten dute lan".

Bide horretan, Birziklapenean jaioak gara kanpaina aurkeztu dute erakundeek, "herritarrak kontzientziatzeko" eta "ekonomia zirkularreko prozesuetan parte hartzera bultzatzeko" helburuekin. Abuztuaren 20an jarriko dute abian EAEko hamalau herritan, eta 30 herritara zabaldu nahi dute azarorako.

Gaur aurkeztu arren, kanpaina iaz hasi zen bost herritan, froga gisa. Orain, Jaurlaritzaz gain, aldundiek ere parte hartuko dute, eta Ecovidiro eta Ecoembes erakundeen babesa izango du. Herriz herri joango den karpa bat izango du, hiru atalekin: erakusketa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Jendearen parte hartzea bultza nahi dute, "gehiago eta hobeto" birziklatzeko helburuekin: "Jendeak birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie". Ikastetxeentzat bisita gidatuak egitea ere aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.