Katalunia

Europako azken muturreraino joango dela iragarri du Puigdemontek

Alemanian bere kontrako auzia amaitu ostean, Belgikara itzuli da Carles Puigdemont. "Etxeko lanak egiteko" eskatu dio Pedro Sanchezi.

Puigdemont, gaur, Belgikara iritsi denean. STEPHANIE LECOCQ, EFE
2018ko uztailaren 28a
14:43
Entzun

Kataluniako herriaren "bidezko kausa" defendatzeko eta preso politikoak askatu arte Europa osoa zeharkatuko duela iragarri du gaur Carles Puigdemontek, Belgikara itzuli berritan. "Nire bidaia ez da amaitu", esan du. Quim Torra Generalitateko presidentea alboan izan du Belgikara iritsi denean, bai eta berarekin batera Bruselara erbesteratu ziren kontseilariak ere.

Besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari mintzatu zaio Puigdemont: gobernura iritsi ostean karguaz jabetzeko nahiko asti izan duela ohartarazi dio, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio, eta oporretan "etxeko lanak" egitea galdegin. "Ezin da presidente izatera iritsi eta ez bazina bezala jokatu", esan dio. Espainiak Kataluniarekin duen arazo politikoa konponbidera eman behar duela ohartarazi dio. "Arrazoizkoa da pentsatzea, uda ostean urte politikoa abiatzen denean, bere errezeta zein den jakiteko argi pixka bat emango duela". Gainera, gogora ekarri du Sanchezi komeni zaiola PDeCATen babesa izatea.

Torrak berretsi du Generalitatearentzat "autodeterminazio eskubidea" izango dela lehentasuna legegintzaldi honetan. Halaxe jakinarazi zion Sanchezi Moncloan egin zuten bileran. Bi gobernuek jarrera kontrajarriak dituztela onartu du, baina elkar ulertzen saiatu beharko dutela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.