Gasteizko Jaiak

Hasi dira festak Gasteizen

Zeledon jaistearekin batera abiatu dira Andre Maria Zuriaren jaiak. Milaka lagun elkartu dira plazan. Aurten, Zalduondoko gizonak aterki morea eraman du emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.

Zeledon, aterki morearekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2018ko abuztuaren 4a
19:05
Entzun

Arratsaldeko seiak jotzearekin batera hasi dira festak Gasteizen. Ohiko legez, suziriak eztanda egin orduko jaitsi da Zeledon San Migel Elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazako balkoira. Milaka lagun zituen zain han; larunbata izaki, leporaino bete da plaza. Festa giroan zeharkatu du plaza Zalduondoko gizona hezurmamitzen duenak, Gorka Ortiz de Urbinak. Aurtengoan, berritasun batekin: aterki morea eraman du emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta jaiak berdintasunean ospatzeko mezu gisara. Plazan bertan ziren asko eta askok ere elastiko moreak zituzten soinean, udalaren egindako deiari erantzunez. 

Ziztu bizian egin du zeharkaldia, eta, azken urteetan ez bezala, txapel eta guzti iritsi da San Migel elizako balkoira. Blai eginda iritsi da, halere, bidean jaurti dioten ur eta edari pilaren ondorioz. Gorka Urtaran alkateari jarri dio zapi gorria aurrena, eta gainerako udal eta ordezkari politikoei ondoren. Baita suziria jaurtitzeko ardura izan duten lau adinekoei ere: Andrea Corres, Aurelia Encarnacion, Daniel Uriondo eta Juan Luis Soriguren. Eta herritarrak agurtu ditu berehala: “Aupa Gasteiz!”, oihukatu du Ortiz de Urbinak, eta Zeledonen kantua abestu segidan. Jaietan errespetuz jokatzeko aldarria ere egin du: “Ez da ez!”, nabarmendu du.

Gainerako aldarrikapenik ere ez da falta izan. Presoen aldeko pankartak zabaldu baitituzte Zeledon jaisten hastearekin batera: “Orain presoak” edota “Amnistia” zioten pankartak irakur zitezkeen.

Bero egin du arratsaldean Gasteizen –30 gradutik gora–, eta suhiltzaileak ura botatzen aritu dira plazaren ertz batean. Horrez gainera, aurten, bigarren urtez jarraian, ezin izan da latarik eta beirarik sartu Andre Maria Zuriaren plazan. Hori ekiditeko, sarreretan kontrolguneak jarri ditu udaltzaingoak, eta banan-banan miatu ditu motxila eta zaku guztiak. Udalak 17.000 plastikozko edalontzi ere banatu ditu.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.