OROIMEN HISTORIKOA

Mikel Castillo omentzeko ekitaldien "irakurketa interesatuak" gaitzetsi ditu Mikelen Memoria egitasmoak

Gogorarazi dute Maravillas gaztetxean egitekoa den omenaldia "urtero" antolatzen dela, eta parte hartzeko deia luzatu dute

Mikel Castilloren omenaldia iragartzeko afixa. BERRIA
Ion Orzaiz.
2018ko irailaren 12a
16:00
Entzun

Mikel Castillo etakide iruindarrari hilaren 18an eginen dioten omenaldia ahoz aho ibili da azken egunetan. Gisa horretako omenaldiak "onargaitzak" direla adierazi dute UPN, Geroa Bai, PSN eta Ezkerrako hainbat ordezkarik, eta Maravillas gaztetxearen kontrako argudio gisa erabili dute askok.

Atzo berean, 50 bat pertsonak manifestu bat igorri zuten hedabideetara, Maravillas gaztetxeko kideek "ETA zuritzen" dutela eta "memoria historikoa ETAren bortizkeriarekin nahasten" dutela salatzeko. 1936ko gerrako biktimen senide batzuek, oroimen historikoaren esparruko hainbat ekintzailek eta Geroa Bai, PSN nahiz Ezkerrako hainbat politikarik sinatu zuten agiria; besteak beste, Koldo Martinezek, Marisa de Simonek, Joseba Ezeolazak eta Inma Juriok.

Horri erantzunez, oharra argitaratu du Mikelen Memoria auzo egitasmoak, azken egunetako "irakurketa interesatuak" txarretsiz: "Oraindik ez dugu ulertzen zer asmorekin egiten diren irakurketa horiek, uste baitugu pertsona orok duela bere senide eta lagunen aldetik oroitua izateko eskubidea; areago, pertsona horrek, orain arte, ez badu jaso ez aitortzarik ez ordainik".

"Ez dugu onartuko polizia indarkeria, zigorgabe gelditzeaz gainera, gure oroimen kolektibotik ezabatu nahi izatea. Hori dela eta, gure bizilaguna gogoratzen segituko dugu, urtez urte", gehitu dute.

Ekitaldiak

Bi ekitaldi nagusi antolatu ditu Mikel Gogoan plataformak, Castilloren hilketaren XXVIII. urtemugaren karira. Alde batetik, BegoƱa Castillok, hildako iruindarraren arrebak, hitzaldia eskainiko du gaur 19:00etan, Maravillas gaztetxean. Omenaldi nagusia, berriz, heldu den astean izanen da: irailaren 18an.

Auzo egitasmoko kideek azpimarratu dute Castilloren omenaldia antolatzen duena Mikel Gogoan plataforma dela, eta "urtero bezala", Carmen kalean eginen dutela. Ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete Alde Zaharreko nahiz beste auzoetako herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.