Enpresak

ITP Aerok planta berria eraikiko du Derion, 14,2 milioi euro inbertituta

Lantegi berriak 160 langile izango ditu, eta horietatik 60 enplegu berriak izango dira.

Zamudioko ITP ingeniaritza eta aeronautika konpainiaren Espainiako lantegi bat. EFE
Ekonomia
2018ko irailaren 19a
15:53
Entzun

Lehen harria jarri du gaur ITP Aerok Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoan (Zamudion eta Derion). Harri horren gainean eraikiko du bigarren lantegia, 1991n parke berean egindako lantegitik gertu. Rolls-Royceren konpainiak 14,2 milioi euro inbertituko ditu lantegi berria eraikitzeko, eta espero du martxan jartzea datorren urteko udaberrirako. Hegazkinen motorren estalduretarako osgaiak egingo ditzute bertan.

Bi-hiru urte barru lantegi berriak 160 lanpostu izango ditu: horietatik 60 enplegu berriak izango dira, eta gainontzeko 100ak Ugaldegurengo zentrotik (Zamudio) eramango dituzte Deriora.

Lehen harria jartzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Carlos Alzola ITP Aeroko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Alzolak nabarmendu du lantegi berria bat datorrela ITPren 2020ra bitarteko hazkunde estrategiarekin, eta bi asmori erantzuten diela: batetik, I+Garen inguruko ahalegina indartzea; eta, bestetik, "munduko aeronautika industriaren hazkunde aurerikuspenei erantzutea".

Zamudioko ITP (Industria de Turbo Propulsores) aeronautika konpainia Sener enpresa bizkaitarrarena zen 2016ko uztailera arte. Baina, orduan, Erresuma Batuko Rolls-Roycek erosi zion ITP Senerri, 720 milioi euroren truke. Erosketak zalantzak eragin zituen nagusiki sindikatuengan, beste hainbat enpresa garrantzitsurekin gertatu bezala (Gamesa ere Siemens alemaniarrak bereganatu zuen, esaterako), erabakigunea Euskal Herritik kanpora joateko arriskua zekarrelako.

2016ko udan Jaurlaritzak esan zuen ez zuela ikusten "arrazoi objektiborik" jabe berriengan konfiantzarik ez izateko; hala ere, aitortu zuen nahiago zuela Senerrek akziodun gisa jarraitzea, posizio txikiagoan bada ere. Erresuma Batuko taldea ITPren bazkidea izan da haren sorreratik Senerrekin batera: 2016ra arte, Senerrek zituen ITPren akzioen %53 eta Rolls-Roycek %47; 2016ko uztailaz geroztik, konpainia britainarrarena da %100ean.

ITP Aerok eronautika arloan egiten du lan: salmenten %65 aeronautika zibilera bideratzen ditu, %15 mantenimendu zerbitzuetara, eta %20 aeronautika militarrera. Konpainiak 3.600 langiletik gora dauzka —2.300 inguru Hego Euskal Herrian eta Espainian—, eta iaz 850 milioi euroko fakturazioa izan zuen, aurreko urtean baio %9 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.