Frantzia

Le Peni azterketa psikiatrikoa egitea agindu du epaitegi batek, EIren argazkiak zabaltzeagatik

Epaitegiaren eskaria ohikoa dela nabarmendu du Le Penek. Erabakiak, baina, oihartzuna izan du Frantziako esparru politikoan.

Marine Le Pen Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko burua. Artxiboko irudia. /
Marine Le Pen Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko burua. Artxiboko irudia. / Sebastien Nogier/EFE

Berria -

2018ko irailak 20

"Ez dut azterketa hori egingo". Berehala erantzun dio Marine Le Pen Batasun Nazionala alderdiko buruak epaitegiaren eskariari. Epaitegia eskuin muturreko alderdiko presidentea ikertzen ari da, Estatu Islamikoaren zenbait irudi gordin Twitterren zabaldu dituelako. Epaitegiaren eskaria ohikoa gisa horretako ikerketetan ohikoa dela ziurtatu du Le Penek, baina erabakiak oihartzun politiko handia izan du. Le Penek sareetan salatu du epaitegiaren eskaria. "Sinestezina da. Erregimen hau egiaz beldurra ematen hasia da".

Le Penek nabarmendu duenez, azterketa hori egitea derrigorrezkoa da soilik pedofiloen eta bortxatzaileen kasuan. "Epaileek nola behartuko nauten jakin zain nago".

Azterketaren bidez, epaileak argitu nahi du Le Penek zenbateko ardura izan zuen, 2015ean, Estatu Islamikoaren zenbait irudi Twitterren zabaldu zituenean. Besteren artean, James Foley kazetari estatubatuarrari burua nola moztu zioten erakusten duten irudiak zabaldu zituen. Gertakari horiengatik, Le Penek hiru urtera arteko kartzela zigorra jaso dezake eta 75.000 euro arteko isuna.

Epaiketaren erabakia hizpide izan du Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak. Melenchon "erabaki politikoen psikiatrializazioaren" kontra agertu da. Haren esanetan, Le Pen bere erabaki politikoen "erantzule" dela ziurtatu du. "Neurri guztiak ez dira ez honak ezta onargarriak ere hari aurre egiteko. Eskuin muturra ez dugu horren antzeko neurriekin atzera eginaraziko".

Le Peni zuzendutako eskaria salatu du Mateo Salvini Italiako Barne ministroak ere. "Elkartasuna" adierazi dio Batasun Nazionaleko buruari eta "askatasuna maite duten frantziar guztiei".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna