Makroekonomia

Ekonomiaren Termometroa sortu du Jaurlaritzak

Hilean 110 aldagai aztertzen dituen adierazle bat sortu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren egoera modu garbi batean adierazteko.

Jaurlaritzako Ekonomia Saileko arduradunak, Gasteizen
Jaurlaritzako Ekonomia Saileko arduradunak, Gasteizen Irekia

Iker Aranburu -

2018ko irailak 27

Adierazleak hiru egoera bereizten ditu: beherapena, hazkunde arina eta hazkunde sendoa. Gaur egun, hazkunde sendoa bizi du ekonomiak, nahiz eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak onartu du hazkunde hori pixka bat moteltzen ari dela. "Azken adierazleek pentsarazten digute moteltze txikiko fase bat hasi dela, datozen hiruhilekoetan jarraituko duela eta bat datorrela Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu zuen koadro makroekonomikoan jasotako iragarpenarekin. Horrela, beraz, espero zena espero zen intentsitatearekin betetzen ari da".

Jaurlaritzak azaldu duenez, kanpo sektorearen ekarpen txikiagoak motelduko du ekonomia, baina baita kontsumo pribatuaren moteltzea. Ez da seinale txarra, Gasteizko gobernuaren ustetan. "Kontsumo pribatuaren hazkundea BPGarena baino txikiagoa izateak pentsarazten digu ez dela familien zorpetze gehigarri bat sortzen ari, eta hori ona da interes-tasek gora egingo duten testuinguru batean".

Gainera, BPGarekin korrelaziorik handiena duten hamabost aldagaiak biltzen dituen monitore bat sortu dute, eta bi astean behin eguneratuko dute. Informazio hori Sailaren webgunean egongo da eskuragarri, "interesa duen edozein pertsonak edo entitatek erraz eskura dezan". Tresna horren bidez, "bilakaera ekonomikoari buruzko informazioa gizarte osora hurbildu nahi da, era sinple eta zuzenean".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna