Adierazleak hiru egoera bereizten ditu: beherapena, hazkunde arina eta hazkunde sendoa. Gaur egun, hazkunde sendoa bizi du ekonomiak, nahiz eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak onartu du hazkunde hori pixka bat moteltzen ari dela. "Azken adierazleek pentsarazten digute moteltze txikiko fase bat hasi dela, datozen hiruhilekoetan jarraituko duela eta bat datorrela Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu zuen koadro makroekonomikoan jasotako iragarpenarekin. Horrela, beraz, espero zena espero zen intentsitatearekin betetzen ari da".
Jaurlaritzak azaldu duenez, kanpo sektorearen ekarpen txikiagoak motelduko du ekonomia, baina baita kontsumo pribatuaren moteltzea. Ez da seinale txarra, Gasteizko gobernuaren ustetan. "Kontsumo pribatuaren hazkundea BPGarena baino txikiagoa izateak pentsarazten digu ez dela familien zorpetze gehigarri bat sortzen ari, eta hori ona da interes-tasek gora egingo duten testuinguru batean".
Gainera, BPGarekin korrelaziorik handiena duten hamabost aldagaiak biltzen dituen monitore bat sortu dute, eta bi astean behin eguneratuko dute. Informazio hori Sailaren webgunean egongo da eskuragarri, "interesa duen edozein pertsonak edo entitatek erraz eskura dezan". Tresna horren bidez, "bilakaera ekonomikoari buruzko informazioa gizarte osora hurbildu nahi da, era sinple eta zuzenean".