Euskal presoak

Presoen gradu aldaketarako oztopoak "onartezinak" direla salatu du Etxerat-ek

"Legea bete dezatela eskatzen dugu bakarrik. Hainbeste eskatzea al da?", adierazi du Miren Santisteban Zigor Blanco presoaren amak.

jarraia157938.jpg
2018ko urriaren 11
09:46
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak EPPK-ko kideek lehen gradutik bigarrengora pasatzeko dituzten zailtasunak aztertu zituen, atzo, Gasteizen, eta datu horien harira, egoeraren gaineko balorazioa egin du Etxerat-ek. Presoen senide eta lagunenen elkarteak eskertu egin du Foro Sozialak egindako azterketa. "Zoritxarrez", ohartarazi dute, datuek agerian uzten dute euskal presoei ezartzen zaien "salbuespen egoera" oraindik ere indarrean dela eta Espainiaren espetxe politika duela "oinarri".

Uztailetik gaur arte, EPPK-ko kideek lehen gradutik bigarrengora pasatzeko eskaerek erantzun gisa jaso dituzten 46 auto judizial bildu ditu Foro Sozial Iraunkorrak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen 44 erantzun ezezkoak izan dira, eta bi baino ez dira izan baiezkoak. Etxerat-ek adierazi duenez, irailaren 27an, Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erantzunaren zain zeuden beste 70 preso. "Euskal gizarteak garai berria bizi du, eta gizarteak gatazkaren ondorioen bidezko konponbidea aho batez aldarrikatu duen arren, euskal preso politikoen % 95 inguru oraindik ere lehen graduan daudela eta haietatik 27 bakartze moduluetan modu iraunkorrean dauzkatela gogorarazi nahi dugu".

Etxerat-ek nabarmendu du euskal presoak legedian aurreikusitako bideei jarraitzeko prest agertu direla beraien egoera hobetu ahal izateko, baina Espainiako Estatuak lehen gradutik bigarrenera igarotzeko oztopoak jartzen dizkiela, legetik harago. Horrez gain, eskari guztiei eredu berean oinarritutako erantzuna ematen zaiela salatu du.

Euskal gizarteak, bere erakundeek eta eragile politiko eta sozialek preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko aldarrikatu dutela gogorarazi du Etxerat-ek. "Adinekoak diren eta gaixorik dauden presoen askatasuna eskatu dute, zigorrak batzeko Europako irizpidea bete behar dela adierazi dute eta lehen graduak ezartzen duen oztopoa gainditu egin behar dela uste dute. Salbuespen espetxe politika honen pairatzaile noiz arte izango gara?"

Miren Santisteban Zigor Blancoren presoaren amak ere hartu du hitza Etxerat-en agerraldian. Blancok lehen gradutik bigarrenera aldatzeko eskaria aurkeztu du, baina baztertu egin du Espetxe Zaintzako Epaitegiak. "Legea bete dezateka eskatzen dugu bakarrik. Hainbeste eskatzea al da?", galdetu du Santistebanek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.