Albistea entzun

ESTATUS POLITIKOA

Espainia federalaren aldeko manifestu bat plazaratu dute

Sustatzaileen iritziz, "asmo demokratikoaren adierazpiderik sendoena da proiektu federala, egokitasun berezia erakutsi duena nortasun-sentimendu desberdineko lagunez osatutako gizarteetan".

Adierazpenaren sustatzaileak, gaur, Bilbon.
Adierazpenaren sustatzaileak, gaur, Bilbon. Marisol Ramirez / Foku

Jon O. Urain -

2018ko urriak 24

Bilbon aurkeztu dute Espainiako Estaturako proiektu federal bat osatzearen aldeko manifestua. Alberto Lopez Basaguren Konstituzio Zuzenbideko irakasleak azaldu duenez, udan hasi ziren adierazpena lantzen, eta 180 lagunen atxikimendua jaso du. Espainiako Konstituzioaren erreforma beharrezkotzat jo du, baina Euskal Herrian federalismoaren ideia zabaltzeko, mahai inguruak antolatzeko asmoa agertu du, beharrezkoa iruditzen baitzaie "kultura federala" zabaltzea: "Adierazpena prestatu dugunok lagundu nahi dugu etorkizunerako Euskal Herrirako sistema politiko sendo bat osatzen".

Bultzatzaileek azpimarratu dute federalismoa "bake politikoaren bermea" dela, "helburu baitu norberarena eta besteena den askatasuna, partikularra eta kolektiboa, bata eta bestea begirunetsu egokitzen dituena". Gainera, "larri eta arriskutsu" iruditzen zaie "zentralizazio handiagoa zein sistemaren haustura helburu duten asmoei, egonkortasun demokratikoa arriskuan jartzen dutelako".

Adierazpenean jaso dutenez, asmoa da "autogobernu zabala eta sakona lortzea, elkarrenganako leialtasuna oinarri izango duena". Sinatzaileen iritziz, 1979ko estatutuak "euskal autogobernua bermatu" du, eta Konstituzioak ezarri  "lurraldeen autonomia-sistema sendoa eta iraunkorra, mundu demokratikoan diren tradizio sendoenetako sistema federalen parekoa". Halere, uste dute "sistema politiko orok egokitua" izan behar duela: "Egungo autogobernuaren arrakasta historikoa aldarrikatzeak ez ditu ezkutatu nahi haren bilakaerak eta jardunak erakutsi dituen arazoak". Horregatik, "akatsak zuzentzera" deitu dute.

Akats horietako batzuk aipatu dituzte. Esaterako, azaldu dute Konstituzioak ezin duela bermatu "sistema autonomikoaren funtzionamendu egokia, horretarako ezinbesteko diren osagaiak falta direlako". Egokitzat jo dute beste herrialde batzuetako eredu federalak aintzat hartzea, baina, Espainiako Estatuaren kasuan, uste dute "ezinbestekoa" dela "berezitasunak, ‘asimetriak’, onartzea, sistema federal klasikoetan ere jasotzen direnak. Sistema federala ez da uniformetasun erabatekoaren sinonimoa".

Beste proiektu politiko batzuekiko kritika ere jaso dute testuan. Manifestuaren arabera, sinatzaileek ez dute euskal gizartea sartu nahi "porrotera daramaten eta bideratu ezin diren prozesu eta helburuetan, ez eta gure indarrak alferrik xahutu nahi gizartearen barruko haustura ekarriko duten proiektuetan ere". Era berean, ez daude ados "haustura politikoa" proposatzen duten proiektuekin, "ez baitira –ezin dira izan- bide egokiak euskal gizartearen interesak hobekien defendatzeko". 

Juristen zeregina, ostiraletik aurrera

Hain justu, Lopez Basaguren da PSE-EEk proposatutako aditua Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politikoaren oinarriei testu artikulatuaren forma emateko. Aditu talde horri ostiralean emango dio zeregina Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak. Lopez Basagurenez gain, Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok eta Jaime Ignacio del Burgok osatuko dute batzordea.

Egun horretan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Jone Berriozabal Autogobernu Lantaldeko koordinatzaileak eta talde parlamentarioetako ordezkariek adituen esku utziko dute testua taxutzeko zeregina. Zortzi hilabeteko epea izango dute horretarako, eta artikulatuak "koherentea" izan beharko du lantaldeak azken hilabeteetan onartutako oinarriekin.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.
 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.
Josu Urrutikoetxea —bizkarra emanda— eta Jordi Evole, <em>No me llame Ternera</em> dokumentaleaan. ©BERRIA

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».
Mikel Karrera eta Itsaso Zaldua, haien aurkako epaiketan. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Auzitegi Nazionalak 30 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrerari

Berria

Gimenez Abad PPko politikaria hiltzea egotzi dio epaimahaik, De Prada epailearen boto partikularrarekin; absoluzioaren alde egin du. Auzi berean, Itsaso Zaldua absolbitu dute. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.