'Cabacas auzia'

"Polizia eredua" zalantzan jarri dute Cabacasen lagun eta senideek

Epaiketa amaituta, horren balorazioa egin dute Cabacasen senide eta lagunek. Nabarmendu dute gizarteak ez lukeela ulertuko "zigorrik ez dakarren epairik".

Cabacasen senide eta lagunen agerraldia, gaur, Bilbon.
Cabacasen senide eta lagunen agerraldia, gaur, Bilbon. Foku.

Gotzon Hermosilla -

2018ko azaroak 16

Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak azaldu dutenez, behin baino gehiagotan entzun behar izan dute "justiziari bere lana egiten" utzi behar zaiola. Baina, orain, epaiketan gertatutakoa ikusita, pentsatzen dute "batzuek" ez dutela "garbi" jokatu hark iraun duen bitartean.

Esan dutenez, epaiketan "frogatuta" gelditu da ertzainen bertsioa ez dela "sinesgarria": "Lekukoek argi utzi dute han ez zela liskar jendetsurik egon, ezta burua estalia zuten berrehun lagun edo bota omen zizkieten gauzen zaparradarik ere".

Ertzainek deklaratutako beste kontu batzuk ere -gomazko pilotak hilgarriak izan zitezkeenik ez zekitela, edo gau hartan armak garbitu zituztela ez zekitelako gomazko pilota batek zauritutako pertsona bat zegoela- ez dira "sinesgarriak" Cabacasen lagunen begietara: "Nahiago izan dute inkonpetentzia itxura eman, frogak deuseztatzen ibili zirela ezkutatzeko".

Era berean, kritikatu dute akusatuak "egon ez zen eraso baten eta epaiketa injustu baten biktima gisa" aurkeztu nahi izatea. "Hemen, Iñigo eta bere familia dira biktima bakarrak", erantsi dute.

Gertaera hauen guztien sorburuan dagoen "polizia eredua" kritikatu dute: "Hau ez da gure polizia, eta ez dugu gure diruaz ordaindu nahi", esan dute. Eredua ez ezik, berau sustatzen duten arduradun politikoak ere salatu dituzte. Berriro ere "justizia, aitortza eta erreparazioa" eskatu dute, eta nabarmendu dute gizarteak ez lukeela onartuko "zigorrik ez dakarren epairik".

Mau Cabacasek salatu du epaiketan Eusko Jaurlaritzako abokatuak egon zirela, akusatuen abokatuekin "erabateko sintonian", eta ertzain batek deklaratu zuela abokatu horien laguntza izan zuela bere lekukotza prestatzeko. "Diru publikoz ordaindutako abokatuak dira horiek", esan du. "Guk gure abokatuak ordaindu ditugu, baina abokatuen defentsa ere ordaindu dugula dirudi".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna