Katalunia

Abenduaren 18an egingo da Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketa aurreko saioa

Lehen saioan Espainiako Auzitegi Gorenak aztertuko du epaiketa bere gain hartzea dagokion ala ez.

Lledonersko kartzelan preso dauden buruzagi katalan independentistak. Oriol Junqueras, Jordi Turull, Joaquim Forn, Josep Rull, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart.
2018ko abenduaren 11
07:19
Entzun

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketarako azken urratsa egingo du Espainiako Auzitegi Gorenak hilaren 18an. Epaiketa aurreko auziak argitzeko saioa egingo du egun horretan. Auzitegiak aztertuko du auzipetutako buruzagi independentistak epaitzea berari dagokion ala ez.

Auzipetuak ez dira auzitegian izango hasierako saioan. Bai, ordea, akusazio guzitak —Fiskaltza, Estatuko Abokatutza eta Vox— eta defentsak. Azken horiek eskatu dute epaiketa aurreko saioa egitea. Izan ere, defentsen iritziz, ez dagokio Auzitegi Gorenari buruzagi independentistak epaitzea, Kataluniako Auzitegi Nagusiari baizik. Defentsaren eskariari buruz erabakitzen duenean, epaiketari hasiera emateko prest utziko du auzia.

Auzitegi Gorenak matxinada delitua leporatuta epaituko ditu Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raul Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Guztiak behin-behinean preso daude Kataluniako hiru espetxetan. Guztira, 13 politikari kataluniar auzipetu ditu Auzitegi Gorenak delitu horrengatik; aurretik aipatutakoez gain, baita erbestean diren Carles Puigdemont, Toni Comin, Clara Ponsati eta Marta Rovira ere. Horrez gain, Gorenak desobedientzia delitua leporatzen die este dozena bat buruzagi independentistari.

Espainiako Justiziaren jarrera salatze aldera, Sanchezek eta Turullek gose greba hasi zuten abenduaren 1ean, Lledoners espetxean (Sant Joan de Vilatorrada, Herrialde Katalanak). Haiei batu zitzaizkien Forn eta Rull ere, abenduaren 3an.

Mossos d'Esquadra, ikerketapean

Kataluniako Fiskaltzak, berriz, ikerketa hasi du Mossos d'Esquadrapolizia autonomikoaren aurka, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek AP-7 errepidean egindako ekintzak eragotzi ez zituztelakoan. Fiskaltzak ohar batean adierazi duenez, hainbat herritarrek ordainlekuetako hesiak altxatu zituzten abenduaren 8an eta 9an, L'Ampolla parean (Girona, Herrialde Katalanak), autoei ordaindu gabe pasatzen utziz. Fiskaltzaren arabera, mossoek ez zuten ezer egin elkarretaratuta zeudenei atzera eginarazteko, ezta ordena juridiko berrezartzeko ere. Horregatik, txosten bat Miquel Esquius mossoen buruari eskatu dio txosten bat egiteko, argipenak eman ditzan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.