Bangladesh

Lehen ministroaren koalizioak irabazi ditu bozak, gehiengo osoz

298 aulkitatik, 287 eskuratu ditu Sheij Hasina buru duen Koalizio Handiak Bangladeshko Herri Errepublikako hauteskundeetan. Gutxienez hamazazpi lagun hil dituzte liskarretan. Iruzurra salatu du oposizioak, baina hauteskunde batzordeak jakinarazi du ez dutela bozak errepikatzeko asmorik.

Segurtasun indarrak hautetsontziekin, Dhakan, bozak hasi baino lehen. MONIRUL ALAM, EFE.
2018ko abenduaren 31
07:17
Entzun

Alde handiarekin lortu du garaipena Sheij Hasina lehen ministroaren aldeko koalizioak, Bangladeshko hauteskundeetan: 298 aulkitatik, Awani Ligak eta beste zenbait taldek osatzen duten Koalizio Handiak eskuratu ditu 287. Indarkeria giroan iritsi dira, eta halaxe egin dituzte hauteskunde orokorrak Bangladeshko Herri Errepublikan: gutxienez hamazazpi lagun hil dituzte herrialdeko leku ezberdinetan, eta 64 zauritu izan dira. BNP Bangladeshko Alderdi Nazionalista da oposizioko indar nagusia, eta salatu du ekinaldia "iruzur handi bat" dela. Hauteskunde batzordeak, dena den, argi utzi du ez dituztela hauteskundeak errepikatuko. Iruzur salaketak "gezurra" direla argudiatu dute.

Kamal Hossain oposizioko buruak azaldu duenez, hauteskunde batzordeari eskatu diote bozak berriz egiteko, "ahal bezain laster". "Hauteskunde iruzurra salatzen dugu, eta nahi dugu hauteskunde batzordeak hauteskunde berri batzuetara deitzea, administrazio inpartzial baten agintepean", esan du Hossainek bozen osteko prentsaurreko batean. Bestea beste, "boto lapurretak" izan direla salatu du Hossainek: "Ondorioz, 100 hautagai baino gehiago erretiratu dira prozesutik".

Bozkalekuak itxi ondoren, hauteskunde batzordeak baieztatu du kexak jasotzen hasi direla iruzurragatik, eta horiek aztertu ostean, "beharrezko neurriak" hartuko dituztela. Ikerketa hasi dutela baieztatu dute. Gaur dira ematekoak parte hartze datuak.

Besteak beste, Human Rights Watch erakundeko zuzendari Meenakshi Gangulyk ere "kezka" agertu du hauteskundeen sinesgarritasunari buruz.

Dhaka hiriburuaren kanpoaldean izan dira istilu gehienak gobernuaren aldeko eta aurkako herritarren eta Poliziaren artean. Dinajpur, Rajshahi, Cox's Bazar, Sylhet, Chattogram, Bogura, Cumilla eta Rangamatiko herritetan izan dira hildakoak, segurtasun indarrek emandako informazioaren arabera. Hildakoen artean, hiru dira Sheij Hasina lehen ministroaren aldeko Awani Ligako jarraitzaileak eta bi oposiziokoak, gobernuko iturrien arabera betiere. Beste bi zibil, aktibista bat eta polizia bat ere hil direla jakinarazi dute iturri horiek.

100 milioi herritar zeuden deituta gaurko bozetara, eta egungo lehen ministroa jotzen dute faboritotzat. 600.000 polizia eta militar jarri dituzte segurtasuna zaintzeko. Urrian, BNPren buruzagi batzuk bizi guztiko espetxealdira zigortu zituzten, 2004an egungo lehen ministroa hiltzen saiatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.