Kultura

Txillardegi "omendu eta erreibindikatzeko" ekitaldiak, hil zeneko zazpigarren urtemugan

Txillardegi Udal Liburutegia herri plataformak antolatu ditu ekitaldiak, Donostian, hilaren 13rako. Plataformak nabarmendu du idazleak oraindik ez duela aitortza ofizialik jaso bere jaioterrian.

Txillardegiri iaz egindako omenaldia, Donostiako Antiguan. JON URBE, FOKU.
2019ko urtarrilaren 7a
16:46
Entzun

Urtarrilaren 14an beteko dira zazpi urte Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta ekintzailea hil zela. Urteurrena baliatuz, "omen eta erreibindikazio" ekitaldiak egingo dituzte bezperan —hilaren 13an—, Donostian. 11:00etan hasita, Txillardegiren Antigua ibilaldi gidatua egingo dute Antiguan zehar, haren Antigua 1900 liburua oinarri hartuta eta Josu Tellabide etnologoaren gidaritzapean. Gaskuña plazan jarri dute abiapuntua, bertan baitzegoen Txillardegi etxea. "Ondoren, Txillardegiren haurtzaroaren eta Antigua zahar haren lekuko izan ziren hainbat leku ezagutuko ditugu", jakinarazi dute antolatzaileek.

Ekitaldia egingo dute ondoren, 13:00etan, Gaskuña plazan. Iaz ere han egin zuten urteurreneko omenaldia, eta mural bat margotu zuten Alvarez Enparantza irudikatuz. Haren aurrean egingo dute aurtengo ekitaldia, eta besteak beste, Jean-Louis Davant euskaltzainak hartuko du parte.

Pasatu berri den urtean bete zituen Euskaltzaindiak 50 urte, eta beste zenbait eragileren artean, gogora ekarria izan da Txillardegiren izena ere. Testuinguru hartan egin zioten omenaldi bat Oñatiko Arantzazun (Gipuzkoa), eta plaka bat ere jarri zioten Oñatiko Udalak eta Txillardegi Herri Ekimenak. Aurten, Korrikak egingo dio omenaldia. Ildo horretatik, herri plataformak "bereziki" nabarmendu du Txillardegik oraindik ez duela jaso "merezi duen aitortza ofizialik" bere jaioterrian, Donostian.

[youtube]https://youtu.be/O7B8Zph2S7c[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.