Polizia eredua

Foruzaingoaren jokabideari buruzko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari

Koalizioak salatu du neurriz gaindikoa izan dela foru poliziak azken asteetan erabili duen indarkeria. Maravillas gaztetxearen hustean eta Huerta de Peraltako langileen protestetan izan duen jokabidea kritikatu du EH Bilduk.

Forzaingoaren dispositiboa, Iruñeko alde zaharrean, joan den asteartean Maravillas gaztetxearen husteagatik izan ziren protesten aurrean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 11
21:38
Entzun

Nafarroako Gobernuari azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk, Foruzaingoak azken asteotan izan duen jokabidearen inguruan. Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen esanetan, Foruzaingoa neurriz gaindiko indarkeriarekin oldartu da Iruñeko Maravillas gaztetxearen husteagatik protesta egin dutenen aurka eta Huerta de Peraltako langileen kontra. Gobernuaren polizia eredu ari buruzko hausnarketa eskatu du. "Beharrezkoa da polizia ereduari buruzko hausnarketa egitea, Foruzaingoa bezalako polizia bat egiazko polizia demokratikoa izan dadin". Araizek gobernuari galdetu dio zein neurri hartuko dituen halakorik berriro gerta ez dadin.

Azken hiru egunetan, Espainiako Polizia eta Foruzaingoa hainbatetan oldartu zaizkie Maravillas gaztetxearen hustearen aurka protesta egin duten manifestariei. Dozenaka zauritu eragin dituzte. Horien artean, Ahotsa.info, Plazaberri.info eta BERRIAko kazetari bana.

AZ Ekimena Alde Zaharreko bizilagun elkarteak kexa agertu du auzoan poliziak izan duen presentziarengatik. Adierazi dutenez, "kaltetu" egin du bizilagunen "egunerokoa". Merkatari eta ostalari txikiek ere dispositiboa kritikatu dute, eta kalte ekonomikoa eragin diela salatu.

Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak "atsekabea" agertu du, gaztetxea husteko polizia dispositiboak "alde zaharreko bizilagunei eta ostalariei eragin dizkien eragozpenengatik".

BERRIAren galderei erantzunez, Beaumontek ukatu egin du Foruzaingoak gomazko pilotak jaurti dituela oldarraldietan: "Hori faltsua da erabat". Azaldu duenez, Nafarroan gomazko pilotak debekatu zirenean, horiek ordezkatzeko eskuratu ziren foam jaurtigaiak erabili dituzte. Halaber, foruzainek bizilagunen leihoen kontra tiro egin izana ere ukatu du: "Airera tiro egin zuten, aurrez aurreko konfrontazioa saiheste aldera". Bideoan jaso zuen unea Hamaika Telebistak.

Huerta de Peraltako langileen protestetan Foruzaingoak izan duen jokabidea ere salatu du EH Bilduk, eta horren inguruan galdetuko dio baita ere Barkosi. Foru poliziak El Houssine Yagoubi langile batzordeko presidentea kolpatu zuten, abenduaren 28an, langileen hirugarren greba egunean. LAB sindikatuak salatu zuen poliziak mehatxu egin ziela langileei eta haien protestei babesa ematera hurbildu zirenei: "hil egingo zaitugu", "lurperatu egingo zaitugu", "jipoitu egingo zaitugu" eta antzekoak esan zizkietela adierazi zuen LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.