Gutxienez hamalau hildako, Nairobiko erasoan

Uhuru Kenyatta Kenyako presidenteak adierazi du Al-Shababeko erasotzaileak "kanporatu" dituztela.

700 bat pertsona ebakuatu behar izan dituzte erasoaren ondorioz. DAI KUROKAWA  / EFE
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 16a
12:59
Entzun

Presidenteak gaur goizean esan duenez, muturreko talde islamistako kideak mendean hartzeko operazioa bukatutzat eman dute segurtasun indarrek. Ez du zehaztu, halere, Al-Shababeko zenbat kidek parte hartu zuten atzoko erasoan.

Nairobi hiriburuan 15:00ak zirenean gertatu zen erasoa. Muturreko islamistak leherkariak jaurtitzen eta tiroka sartu ziren luxuzko hotel batera eta haren ondoko eraikin batera. Horren ondorioz, eremua inguratu zuten segurtasun indarrek, eta Kenyattak adierazi du 700 bat lagun ebakuatu zituztela. Erasoaren ondorioz zauritutakoak dozenaka dira. Kenyako Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, ordea, guztira 24 dira hildakoak.

Ez da Al-Shababek Kenyan egindako aurreneko erasoa. Muturreko islamistei Somalian aurre egiteko, Kenyako armadak soldaduak ditu han 2011ko urriaz geroztik, eta ordutik areagotu dira erasoak. 2015eko apirilean Garissa hiriko unibertsitateari eraso egin zion, eta 148 pertsona hil zituen. 2013ko irailean, bestetik, lau erasotzaile sartu ziren Nairobiko merkataritza gune batean, eta 67 pertsona hil zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.