Zergak

Aitatasun sarien errenta atxikipena itzuliko du Gipuzkoak ere

Jada bueltatu du amatasun sariekin ordaindutako errenta zergaren zatirik handiena.

Aita batzuk, haurrak paseatzen Hondarribian. GARI GARAIALDE, FOKU
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 22a
07:14
Entzun

Gipuzkoako Ogasunak ere erabaki du 2014-2017 epean aitatasun baimena izan zutenei atxikitako errenta zerga itzultzea.

Aita gehien-gehienek ez dute ezer egin beharko, haien ezkontideek amatasun baimenaren atxikipena itzultzea eskatu badute aitena ere eskatutzat hartuko duelako ogasunak. Besteek eskaera orri bat aurkeztu beharko dute.

2018an egindako atxikipenak 2019ko errenta kanpainan itzuliko ditu ogasunak.

Ogasunak zabaldu duenez, 34.134 zergadunek dute amatasun eta aitatasun sariaren errenta atxikipena berreskuratzeko eskubidea. Amatasun laguntza jaso zuten gehienei  jada itzuli die dirua Ogasunak, baina ez du jakinarazi zenbat diru izan den. Diru gutxiago izango da aitatasun sarien kasuan, 2014tik 2016ra hamabost egunekoa baizik ez zelako baimen hori; lau astera luzatu zuten 2017an, eta bost astera, berriz, 2018ko uztailetik aurrera.

Bizkaiak aurretik erabaki zuen dirua itzultzea, eta Arabak ez du egin behar, 2018. urtera arte ez baitzuen atxikipenik egiten.

Joan den urrian erabaki zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek amatasun eta aitatasun sariek ez zutela aurrerantzean errenta zergarik ordainduko. Horrela jarraitu zioten Espainiako Auzitegi Gorenak laguntza horiek zergapetu behar ez zirela zioen epaiari; berez, ez zeuden behartuta, epaia Espainiako sistemari buruzkoa zelako, baina gauza bera egitea erabaki zuten, beren foru arauak Espainiakoaren oso antzekoak direlako gai horretan.

Nafarroako Gobernuak, ordea, erabaki zuen sari horiei atxikipenak egiten jarraitzea, bere legeak argi eta garbi diolako errenta zerga pagatzea dagokiela. Hori bai, kenkarien sistema bat ezarri du lauko gobernuak, diru sarreren araberakoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.