indarkeria matxista

Maguette Mbeugou

Bilbo, 2018ko irailaren 25a.

2018ko irailaren 24a
05:00
Entzun

2018ko irailaren 25ean aurkitu zuten Maguette Mbegouren hilotza, 13:30 aldean. Bizilagun bat sartu zen haren etxean, eta emakumearen bi alabak aurkitu zituen aurrena, 2 eta 4 urtekoak; emakumearen gorpua ikusi zuen ondoren. 83 labankada eman zizkion senarrak. 25 urte zituen Mbegouk.

Emakumea senegaldarra zen sortzez, haren senarra bezala. Gizonak Bara Ndiaye zuen izena, 38 urte zituen, eta 2008an iritsi zen Bilbora. Mbeugou, berriz, 2015ean etorri zen. Bikotea Bilboko Atxuri auzoan bizi zen, Ollerietagoienako 25. atarian. Han aurkitu zuten emakumearen hilotza. Alaben aurrean hil zuen gizonak, eta ihes egin zuen handik. Umeek 24 ordu pasatu zituzten amaren hilotzarekin etxean bakarrik.

Bizilagunak Poliziari abisatu zion, eta handik ordu batzuetara atxilotu zuten gizona, Mutrikuko etxe batean, Gipuzkoan. Ertzainak bertaratu zirenean, balkoi batetik kalera salto egin eta ihes egiten saiatu zen. Atxilotuta, eta epailearen aurrean deklaratuta, Basauriko (Bizkaia) espetxean sartu zuten, epaiketa egin arte.

Protokoloek eta emakumea indarkeriatik babesteko neurriek huts egin zuten Mbeugouren kasuan ere. Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak barkamena ere eskatu zuen, Justiziak «porrot» egin zuelako, Mbeugouren kasuan arriskua gaizki neurtu zutelako eta neurriak ez zituztelako garaiz hartu.

Izan ere, 2017ko abenduan udaltzainetara jo zuen emakumeak; senarrak hil baino bederatzi hilabete lehenago, alegia. Salaketa aurkeztu zuen eta babes neurriak eskatu zituen, baina ez ziren iritsi. Emakumeak, bolada batez, etxetik alde ere egin zuen, bi alabak hartuta. Baina itzuli egin zen atzera.

Hilketa gertatu baino lehentxeago beste alarma bat ere eman zuen Mbeugouk. Medikuarengana jo zuen laguntza eske. Medikuak, emakumeak bizi zuen egoeraz jabetuta, horrelako kasuetarako protokoloa martxan jarri zuen. Ez zen aski izan. Bide horretatik inolako neurririk iritsi aurretik hil zuen senarrak emaztea.

Hilketaren ondoren, Marie Lucia Monsheneke emakume afrikarren elkarteak ohar bat plazaratu zuen: «Emakume afrikar batek, gainean duen pisu kultural guztiarekin, ate guztiak gainditu eta salatzeko ausardia duenean, aintzat hartu behar da».

2021eko azaroan epaitu zuten hiltzailea, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. 37 urteko kartzela zigorra ezarri zioten: 25 urtekoa, emakumea hiltzeagatik; bi urte eta erdikoa, umeak abandonatzeagatik; urtebete eta zortzi hilabetekoa, emakumeari tratu txarra emateagatik; eta launa urteko bi zigor, alabei lesio psikologikoak eragiteagatik. Sententziari helegitea jarri zion gizonak, eta Gorenak 29 urtera murriztu zion zigorra, alaben lesio psikologiko horiek ezin zirela egiaztatu argudiatuta.

Hildako emakumearen anaiak hartu zituen ilobak berarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.