EH Bildu

Topaketa nazionalera deitu ditu EH Bilduk bere "komunitatea osatzen duten pertsona guztiak"

Martxoaren 30ean egingo dute Mugida, Bilbon, "ekimen txikiz osatutako ekitaldi handia".

Mugida aurkeztu zuten atzo, Bilbon. @EA_BILBAO.
2019ko urtarrilaren 28a
10:44
Entzun

"Mugida Euskal Herria biltzen dugun guztion elkartzea eta elkar ekintza da. Asko dugu ospatzeko, asko dugu borrokatzeko, eta asko dugu partekatzeko. EH Bildu osatzen dugunon lehen topaketa nazionala izango da". Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Bilbon EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero eta Diana Urreak. Martxoaren 30ean egingo dute, Bizkaiko hiriburuan, "ekimen txikiz osatutako ekitaldi handia".

EH Bilduko kideek azaldu dutenez, "deia, mugimendua eta ekintza" izango da Mugida: "Indar eraikitzailea eta inteligentzia kolektiboa batzeko deia; nahi dugun Euskal Herri subiranoa eta berdinzalea lortzeko mugimendua; eta gizarte berriaren oinarriak sendotzeko ekintza".

Besteak beste, konferentziak, tailerrak, kontzertuak, eztabaidak eta gastronomia ekitaldiak antolatzen ari dira egun horretarako, eta era guztietako kideak batu nahi dituzte ekitaldira: "Militanteak, lagunak, senitartekoak, bisitariak...". "Borroka eta amets guztiek bat egingo duten unea da Mugida; Bilboko alde zaharrean barrena; kalean, eszenatokietan, areto eta balkoietan", azaldu dute Oterok eta Urreak: "Elkarlanean Euskal Herri aske, demokratiko eta solidarioa eraikitzen gabiltzanontzako bat egite eguna ospatuko dugu".

Euskal herritarrak ez ezik, nazioarteko mugimenduak ere gonbidatu dituzte; zehazki, "Europa eraldatzen ari direnak". Katalanak izango dira "gonbidatu bereziak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.