'Egin' auzia

'Gara'-k hiru milioi euro ordaindu beharko ditu 'Egin'-en zorra kitatzeko

Egunkariak milioi erdi pagatu beharko dio Gizarte Segurantzari sei hilean behin. Iñaki Soto zuzendariak salatu du langile guztien urteko soldata baino gehiago ordainarazi nahi diotela Gara-ri, eta babesa eskatu du.

'Gara'-ko zuzendaritzaren agerraldia, gaur. JON URBE, FOKU
jon olano
2019ko urtarrilaren 30a
07:21
Entzun

Aurten hogei urte bete dira Gara sortu zutela, Egin-ek utzitako hutsunea betetzeko. Baina, jaio orduko, auzitegiek zama astun bat egotzi zioten egunkariari. Izan ere, Egin-ek 4,7 milioi euroko zorra zuen 1998ko uztailean Auzitegi Nazionalak itxiarazi zuenean, eta zor hori Gara-ren bizkar utzi zuen Baltasar Garzon epaileak. Erabaki "bidegabe" hura gaitzetsi du Iñaki Sotok Gara-ko zuzendariak.

Erredakzioan egindako agerraldian Sotok azaldu duenez, egunkariak akordio bat erdietsi du Gizarte Segurantzarekin, zeinaren arabera sei hilean behin milioi erdiko ordainketak egingo dizkiote erakundeari: guztira, hiru milioi eurotik gora. "Langile guztien urteko soldata baino gehiago ordainarazi nahi diote Gara-ri. Hau espoliazio bat da", salatu du.

Zorra ordaindu behar izatea "kolpe latza" dela nabarmendu du Sotok, eta, hori dela eta, babesa eskatu die erakundeei eta laguntza gizarteari. Helburu horrekin, elkarrizketan hasi dira eragileekin, eta gogoeta prozesu bat abiatu. "Elkartasuna artikulatzeko modu eraginkorrak" aurkitu nahi dituzte.

Ordainketek langileen egoerari nola eragingo dioten galdetuta, Sotok azaldu du oraindik ez dakitela zer-nolako urratsak egin beharko dituzten, euren asmoa "enpresa normal baten modura aritzea" bada ere.

Bide batez, sektorearentzako babes handiagoa ere eskatu du zuzendariak. "Erakundeek sektore gisa pentsatu behar dute [hedabideei dagokienez]. Sektorearen prekarizazioa, gizartearen txirotzea... Beste dinamika batzuk abiatu behar dira. Honek ez du irtenbide partikularrik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.