GIZARTEA

Legezkotzat jo dute prostituzioaren bezeroak zigortzeko Frantziako araua

Asanblea Nazionalak orain ia hiru urte onartu zuen legea, eta isunak ezarri zituen bezeroentzat. Kontseilu Kontituzionalera jo zuten elkarte batzuek, legea bertan behera utz zezan, baina ezezkoa eman du kontseiluak.

Prostitutak ez, bezeroak zigortzea erabaki zuen Asanblea Nazionalak. LAURENT DOMINIQUE, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 1a
17:21
Entzun

Frantziako Asanblea Nazionalak bi urte eta erdiko eztabaidaren ondoren onartu zuen Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea, 2016ko apirilean. Lehendik ere legedi zigortzailea zuen Frantziak sexu lanaren inguruan —prostituzio etxeak debekatuta daude, adibidez—, eta ildo beretik jarraitu zuen lege horrekin. Ez zuten erabaki zuzenean prostituzioa zigortzea. Haien zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroak jarri zituzten jomugan: 1.500 eurotik 3.750 eurorainoko isuna, "sexua erosteko" delitua egiten atzemanez gero. Horren ondorioz, kendu egin zuten prostitutei "bezero bila aritzea" debekatzen zien delitua, 2003an ezarria.

Elkarte batzuek auzitara jo zuten legearen aurka, "bezeroak kriminalizatzea" zelakoan; besteak beste, Munduko Medikuak taldeak eta Sexu Langileen Sindikatuak jo zuten Frantziako Kontseilu Konstituzionalera. Legea konstituzioaren aurkakotzat jotzea eta baliogabetzea nahi zuten.

Kontseiluak, ordea, atzera bota du eskaria, eta adierazi du legeak bidezko helburuak zituela: "Prostituzio sistemaren aurkako borroka indartzea eta prostitutak laguntzea". Salatzaileek argudiatu zuten “askatasun pertsonalen aurkakoa" zela legea, baina epaileek erantzun dute bezeroak zigortuta giza salerosketari eta esplotazioari aurre egingo zaiola. "Pertsonen duintasuna bermatzeko helburua du, eta ordena publikoari eusteko eta delituak prebenitzeko balio konstituzionala ere badu xede".

Prostituzioa giza salerosketarekin eta esplotazioarekin erabat lotu du Kontseilu Konstituzionalak, beraz: "Printzipioen ikuspegitik, konstituzioan ezin dugu ezarritzat jo prostituzio merkatua eta sexua erostea, definizioz erlazio biolentoa baita".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.