Euskal presoak

Gaixo larri dauden presoak "berandu izan baino lehen" askatzea galdegin du Sarek

Manifestazioak egin dituzte Donostian, Galdakaon (Bizkaia) eta Gasteizen. Arabako hiriburuko epaitegi batek debekatu egin du Oier Gomezi azken agurra emateko ekitaldia.

Larriki gaixo dauden euskal presoak aske uztearen aldeko manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko otsailaren 3a
08:42
Entzun

Gaixotasun larriak dituzten euskal preso guztiak aske uzteko eskatu dio Sare plataformak Espainiako Gobernuari, beste behin. Sareren iritziz, duela astebete zendu zen Oier Gomez preso ohiaren heriotzak agerian utzi du Espainiako espetxe politikaren izaera bidegabea. Hala, Oierren heriotza "espetxe politika anker honen azkena" izatea eskatu du. Horretarako, larriki gaixo dauden presoak "berandu izan baino lehen" aske uzteko galdegin dio plataformak Pedro Sanchezen gobernuari.

Manifestazioaren amaieran irakurritako agirian, Sarek "inpunitate eta zigorrerako eremutzat" eta "gune injustu eta krudeltzat" definitu ditu espetxeak, eta gaixotasun larriak dituzten 21 presoak askatzeko eskatu du, "halaxe jasotzen baitu zigor kodeak".

Ehunka lagunek egin dute bat Sareren mobilizaziorako deialdiarekin, Donostian, Galdakaon eta Gasteizen.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak ere manifestazio bat egin du Gasteizen, Oier Gomezen heriotza salatzeko, Preso gaixoak askatu, amnistia osoa lelopean.

Oier Gomezen gasteiztarra minbiziak jota hil zen, joan den larunbatean. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten gaixotasuna, Frantzian preso zela. Hala ere, DPS segurtasun handiko erregimenean atxiki zuen, Meauxeko espetxean. Ez zuten aske utzi iazko apirilaren 25era arte. 35 urterekin zendu da.

Azken agurra, debekatuta

Oier Gomezi azken agurra emateko Gasteizen deituta zegoen ekitaldia debekatu egin du Arabako hiriburuko epaitegi batek. Estatuko Abokatutzak Auzolana pilotalekuan egitekoa zen ekitaldia debekatzeko eskatu du eta epaitegiak aintzat hartu du eskaria. Gomezen gertukoek prentsaurrekoa deitu dute debekua salatzeko, gaur, 13:30ean, Gasteizko Plaza Berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.