Epaiketa, Parisen

Plak eta Sorzabalek Parisen deklaratu dute gatazkaren konponbidearen alde ari zirela atxilotu zituztenean

Hasi da David Pla eta Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketa. Plak azaldu du armak ez zituztela inor hiltzeko, eta Sorzabalek esan du torturatua izan zela. Amaitu dute gaurko saioa; bihar jarraituko dute.

Jende ugari joan da Euskal Herritik Pla eta Sorzabalen kontrako epaiketa segitzera. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 4a
07:11
Entzun

Parisen ari dira egiten David Pla eta Iratxe Sorzabalen aurkako epaiketa, gaur, eta bihar arratsaldez jarraituko dute. ETAko kide eta ordezkari izatea, armak eta dokumentu faltsuak eta propaganda materiala izatea leporatu diete. 2015eko irailean atxilotu zituzten Pla eta Sorzabal, Pantxoa Floresen Baigorriko aterpetxean (Nafarroa Beherea). Ramon Sagarzazu ere bertan zen. Sagarzazu eta Flores errugabetu dituzte berriki, testuinguru politiko berria aitortuta (borroka armatua amaitua zuen ordurako ETAk).

Hain zuzen, hori da gaur hasi den epaiketan Plak eta Sorzabalek deklaratu dutela: Baigorriko bilkuran prozesuaren blokeoa ikusita nola aitzinatu aztertu behar zutela eta gatazkaren konponbidearen alde ari zirela. Zergatik zituzten armak galdetuta, Plak esan du "babesteko" zirela: "Garrantzitsua ez da armak norenak ziren, baizik eta haien erabilpenak ez zuela urte batzuk lehenago zuen helburu bera". Gaineratu du beretzat garrantzitsuena zela armen jabetza hori nazioarteko egiaztatze batzordearekin arautua zela".

Frantzian beste euskal herritarrik ez badute preso sartzen, Plarena izango da euskal preso baten estatuko azken epaiketa. Hala ere, libre dauden beste lagun batzuek zabalik dituzte instrukzioak, edo neurriak dauzkate. Sorzabal Frantzian lehen ere epaituta dago beste auzi bategatik. 2015eko irailaren 22an atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko kidetzat jota.

Defentsak egindako eskaera ontzat eman du fiskalak, eta kriminal arlotik epaitu beharrean korrekzionaletik epaituko dituzte, eta, beraz, gehienez ere hamar urteko kartzela zigorrak jaso ditzakete. Epaileak berak ere ez zuen arrazoirik ikusi epaiketa kriminaletik egiteko. Defentsaren ustez, Euskal Herriko egoera politiko berriak ere eragina izan du erabakian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.